Denis Itxaso. San Marko mankomunitateko lehendakaria

«Zero zabor eredu batera iristea posible dela esatea gezurretan aritzea da»

Kargua hartu berritan, adostasunak lortzearen alde egingo duela esan du Denis Itxasok. Errauste planta eraikitzearen alde egin du.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bosgarren edukiontziaren aldeko apustu garbia egin du Denis Itxasok (PSE-EE), San Marko mankomunitateko lehendakari berriak. «Atez atekoa baino merkeagoa, garbiagoa eta erosoagoa da». Itxasok beharrezko ikusten du errauste planta eraikitzea. «Gainontzean, zabortegiak ireki beharko ditugu». Salatu du hondakinen gaian «nora ezean eta kontrola galduta» dabilela ezker abertzalea. «Badaki 60.000 sinadura bildu direla atez atekoaren kontra».

Nola hartu duzu izendapena?

Pertsonalki iruditu zitzaidan ezker abertzaleak kargua hartzeko ekitaldian tentsioa sortu nahi izan zuela. Ez da gustukoa erakundeetan horrelako gertaerak izatea: irainak, mehatxuak... Salatu nahi dut baita ere Oñatiko alkate ohi Lourdes Idoiagari gertatutakoa. Horrek guztiak erakusten du hondakinen kudeaketaren gaian ezker abertzalea nora ezean dabilela eta kontrola galtzen ari dela. Gainontzean, kargua hartu dugu jakinda ezinbestekoa izango dela akordioak guztien artean egitea. Izan ere, egun haustura handi bat dago mankomunitatean.

San Markoko hamar udalerritatik bederatzitan Bilduk agintzen duela kontuan hartuta, nola lortuko duzue ados jartzea?

Ez da erraza izango, baina ez guretzat bakarrik, baita Bildurentzat ere. Izan ere, agindu arren, San Markoko hiru udalerri nagusiak oposizioak kontrolatzen ditu: Donostia, Errenteria eta Lasarte-Oria. Agintzeak ez du esan nahinahi dutena egin dezaketenik.

Zu lehendakari izendatzeko EAJrekin eta PPrekin lortu duzuen akordioa beste akordio batzuetarako abiapuntu izan daiteke?

Guk alderdi jeltzaleari behin baino gehiagotan esan diogu akordio hauek ez direla nahikoa, gobernu egonkorrago bat behar duela Gipuzkoak.

Zeintzuk dira lehendakari moduan dituzun xede edo erronka nagusiak?

San Marko zabortegia behin betiko ixtea eta zigilatzea izango da erronka nagusia. Falta dena da Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ematea eta obra lehiaketara ateratzea. Birziklatze tasa ere handitu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da zabor organikoa gaika biltzea. Horretarako sustatuko dugu udalerriek bosgarren edukiontzia jartzea. Atez atekoa baino askoz sistema garbiagoa, merkeagoa eta erosoagoa da, eta badago aukera birziklatze tasak hobetzeko.

Zuk esana da atez atekoaren kontrako eustorma izango zarela. Bilketaren eskumena udalena dela kontuan hartuta, nola egingo duzu hori?

Inposizioa, behintzat, ez dugu erabiliko. Ez dugu itxi behar bilketa sistema batera, ez baita gauza bera Pasai San Pedro edo Donibane, edo Errenteriako Iztieta auzoa. Ez dute zerikusirik. Norbaitek erabakitzen duenean malgutasunik gabeko sistema ezartzea, akats handia ari da egiten. Herritarrei ezin dizkiegu oztopoak jarri. Nik ibilerraztasunerako politikekin parekatzen dut. Herritarrei eskatzen bazaie gehiago birziklatzeko, erakundeek sistema merkeena, garbiena eta sinpleena eskaini behar diegu. Zero zabor eredu batera iristea posible dela esatea gezurretan aritzea da.

Zer egingo duzue atez atekoa ezarria duten San Markoko herrietan?

Norbaitek uste badu gerra batera joango garela, oker daude.

Eta sistema hori ezartzeko asmoa dutenetan?

Susmoa dut ezker abertzaleak prozesu hori geldiarazi egin duela. Izan ere, badakite Gipuzkoa osoan 60.000 sinadura bildu direla atez atekoaren kontra. Zarautzen, adibidez, egundoko arazoa du alkateak, hauteskundeetan babesa eman zioten herritarren bikoitzek sinatu dutelako atez atekoaren kontra. Horrela ezin da gobernatu. Ezin da Gipuzkoako Batzar Nagusiek azaldu duten borondatearen aurka gobernatu. Ezin da mankomunitateen borondatearen aurka gobernatu. Beraz, egingo duguna haiekin hitz egitea da, bosgarren edukiontzia jar dezaten.

Errauste planta eraikiko da?

Badirudi ezetz. Ezker abertzaleak hala erabaki du. Ez eraikitzeak ondorio larriak ekarriko ditu ekonomikoki, enpresei kalte-ordain handiak ordaindu beharko dizkiegulako. Ingurumen aldetik ere atzerapauso handia izango da, zabortegiak irekitzera behartuko gaituelako.

Baina gero eta zabor gutxiago sortzen bada eta herritarrek gehiago birziklatzen badute, nola egin nahi duzue errentagarri errauste planta?

Argi dago azpiegiturak dagokion neurrikoak eraiki behar direla. Guk eskaini diogu ezker abertzaleari aurreikusitakoa baino errauste planta txikiagoa egitea. Gu prest gaude horretaz hitz egiteko. Baina arazoa da ez badugu egiten zabortegiak ireki behar direla.

Zu zeu hasiera batean errauste planta eraikitzearen aurka agertu zinen.

Guk salatu genuen planta non jarriko zen erabakitzeko prozesua ez zela modu demokratiko batean egiten ari, eta ez zela bidezkoa Donostian jartzea. Azkenean, udalbatzak eta Gipuzkoako udalerri eta mankomunitate gehienek erabakita adostu zen Donostian jartzea, eta guk errespetatu egin genuen. Gainera, horren truke hainbat gauza lortu genuen: hamar milioi euro udalarentzat, errauste planta txikiagoa izatea, ondoan aurrez tratatzeko planta bat izatea, konpostatze maila igotzea... Bilduk, gainera, ez dio muzin egin diru horri. Diru hori gastatzen ari da. Nik neuk ikusi dut errauste plantak zabortegiak baino konponbide hobea direla.

Europak aldundiaren hondakinen plana babestu du. Zuek zergatik ez?

Aldundiaren planak baditu gauza on batzuk: ontzien tratamendurako beste planta bat aurreikusten du, hondakinen sorreraren inguruko datuak egokitzen ditu eta birziklatze tasa handitzea aurreikusten du. Baina ez gaude ados hondakinak tratatzeko egiten duen proposamenarekin. Gainera, ez da egia Europak plana babesten duenik. Europak dio birzikla daitekeen ezer ezin dela erre.Gu ados gaude. Baina Europak apustu argia egiten du balorizazio energetikoaren alde, eta Bilduk ez du hori nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.