Hondakinak

Zero Zabor programa bat osatu dute hezkuntzan lantzeko

Gipuzkoako Diputazioak, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolek eta Aranzadik sinatu dute hitzarmena. Herrialdeko hondakinen kudeaketak etorkizun oparoa izatea da helburua.

jon eskudero
2012ko urriaren 10a
13:49
Entzun

Zero Zabor programa bat eskoletan lantzeko hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kristau Eskolek, Ikastolen Elkarteak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Gipuzkoako Diputazioan elkartu dira lau aldeetako ordezkariak: Martin Garitano ahaldun nagusia, Mikel Ormazabal Kristau Eskola elkarteko zuzendariordea, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Francisco Etxeberria Aranzadiko lehendakaria.

Helburua da Gipuzkoako hondakinen kudeaketak etorkizun oparoa izatea. Garitano: "Hitzarmenak agerian uzten du jendarteak gero eta kontzientzia handiagoa daukala hondakinen arazoari irtenbidea emateko, eta lanean segi behar dugu". Hitzarmenak funtsezko arlo bati eragiten diola nabarmendu du ahaldun nagusiak: hezkuntzari.

Bost zeregin zehatz izango ditu programak: hezkuntza eragileekin harremana izatea, sekuentzia didaktikoa eta hezkuntza materiala osatzea, eskoletan jarduerak eta tailerrak egitea, eskoletan esperientzia pilotuak gauzatzea eta sentsibilizazio jarduera planak osatzea. Aranzadi zientzia elkarteak zuzendu eta kudeatuko du programa, eta gainontzeko elkarteak lankidetza estuan arituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.