Euskara

Zerrenda bakarraren aldeko manifestaziora joango dira ELA, LAB eta Steilas

Kontseiluak larunbaterako antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako eta Kontseiluko ordezkiak. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ane Eslava.
2017ko abenduaren 13a
07:32
Entzun

Euskararen normalizazioaz gain, eskubideei lotutako gaia dela azpimarratu du Bilbaok: “Gauza asko daude jokoan: pertsonen arteko berdintasuna, bizikidetza, justizia. Honen atzean langileak daude, herritarrak”.

Zerrenda bakarraren auzian, UPN, PSN, PP eta Ezkerra sindikatuek borrokatutako lorpen baten aurka ari direla salatu du Maria Balda ELAko ordezkariak, eta Nafarroan euskaldunek pairatzen duten “salbuespen egoerari” amaiera emateko eskatu du: “Erlijio, arraza, sexu aukera, egoera sozial edo genero arrazoiengatik pertsonak baztertzea okerra den bezala, okerra da hizkuntzen segregazioa mantentzea”.

LABeko Nora Salbotxek Ezkerraren jokabidea kritikatu du, PSNren lege proposamena babestuz Nafarroan aldaketa oztopatzen ari dela argudiatuta. “UPNk ezarritako neurri baztertzaile bat indarrean jarri nahi dute, eta hori inboluzioa litzateke”.

Raul Lopez Steilaseko bozeramaileak kontraesankortzat jo du Ezkerrak hizkuntzen integrazioa ukatzea, D eredua Nafarroa osora zabaltzea babestu ondoren: “Alderdi horrek gizartea normalizatzeko ardurari iskin egin dio”. Nafarroan aldaketa egotea nahi duten herritarrei larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin die Lopezek.

Geroa Baik ere egin du bat Kontseiluaren deialdiarekin, eta euskara eta eskubide berdintasuna defendatzeko deia egin du. “Defentsa hau inoiz baino beharrezkoagoa da gure hizkuntza propioaren etengabeko erasoen aurrean”, adierazi du ohar baten bitartez.

Haur eskoletan euskara sartzeko bidea, “zuzena”

Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko lerroa ezartzeko prozedura “ohikoa eta zuzena” izan zela esan du Maria Solana Hezkuntza kontseilariak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako 2. salak ebatzi zuenaren kontrara, Iruñeko Udalak ez zituen bere gain hartu Hezkuntza Departamentuarenak ziren eskuduntzak.

Epaileen argudio nagusia da haur eskolen hizkuntza eredua moldatzea ez dela Iruñeko Udalari dagokion eskuduntza bat, Hezkuntza Departamentuari dagokiona baizik. Baina Hezkuntza kontseilariak oinarri sendorik gabe utzi du ebazpena, prozedura “arrunta” izan zela adierazi baitu: “Bi haur eskolatan hizkuntza eredua aldatzeko proiektua aurkeztu zigun udalak, eta guk oniritzia eman genion”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.