Nafarroan zerrenda beltzak daudela salatzeko, Iruñean PSOEren egoitzaren aurrean astelehenero 20:00etan biltzera deitu dute azken operazioetan atxilotu dituztenen eta zerrenda beltz horietan daudenen senideek, "errepresio politikoa amaitu arte". Senideek bat egin dezaten eskatu diete alderdi politikoei, sindikatuei eta eragile sozialei, "deialdia indartzeko".
Garazi Subizak eta Jasone Campañak irakurri dute senideen manifestua. Jon Patxi Arratibelen bikotekidea da Subiza, eta Campaña, berriz, Miguel Angel Llamasena; bi horiek aurreko astean atxilotu zituzten. "Gure senideak atxiloketen eta torturen jomugan dauden ezker abertzaleko, gazte mugimenduko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak dira. Haien lana erabat agerikoa eta publikoa izan da beti; ez dute inoiz ezkutatu beren militantzia politikoa", azaldu dute.
Egoera jasangaitza dela esan dute senideek, eta egoera horretan dozenaka lagun daudela salatu dute. Gainera, torturaren erabilerarekin zerrenda beltzetan daudenen kopurua handitzen ari dela diote: "Gero eta gehiago gara, beraz, beldurrez bizi garen herritarrak, bereziki astelehen eta astearte arteko gaua lo egin ezinik ematen dugunak. Ez dakigu Grande-Marlaskaren loteria noiz iritsiko den gurera, eta horrek kezka eta ezinegon iraunkorra sortzen du".
Haien hitzetan, "sorgin ehiza" egiten ari dira, Espaniako Gobernuan konfiantzarik ez dute, eta arduradun nagusia hori dela salatu dute. "Herritarrongan dugu jarria konfiantza, badakigulako herritarren eremu zabal bat prest dagoela izugarrikeria honen inguruan konpromisoak hartzeko", esan dute. Utzi gure seme-alabak bakean! leloa eskuetan hartuta bilduko dira.
EUSKAL Herria
Zerrenda beltzak eta torturak salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte astelehenero Iruñean
Atxilotu dituztenen edo atxilotuko dituztelako kezka dutenen senideak PSNren egoitzaren aurrean bilduko dira astelehenero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu