'Zerrenda' da urteko hitza Euskaltzaindiarentzat

Euskaltzaindiak 'Gazako zerrenda' forma arautu eta hamar urtera hautatu dute 'zerrenda' urteko hitz gisa. Motiboa, baina, ez da poztekoa: Israel Gazan egiten ari den etengabeko erasoagatik hartu du sona.

(ID_13335519) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Gazako zerrendako iparraldeko hainbat biztanle hegoalderantz joaten. HAITHAM IMAD / EFE.
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 15a
15:00
Entzun

Zerrenda hitza entzutean, automatikoki erosketa zerrendarekin edo urteko desirenarekin lotzea da ohikoena. Bada, azken hilabeteetan, ohikoagoa bihurtu da leku bat bururatzea: Gazako zerrenda. Izan ere, Hamasek Gazaren inguruko kibbutzetan egindako erasoei gupidarik gabe erantzun die Israelek, eta 20.000ra hurbiltzen ari da Gazan hildakoen kopurua.

Bada, gatazkak hartu duen sona dela eta, Euskaltzaindiak eta UZEI terminologia eta lexikologia zentroak zerrenda hautatu dute urteko hitz. Hamar urte baino gehiago pasatu dira Euskaltzaindiak Gazako zerrenda forma arautu eta onartu zuenetik, eta azken hilabeteetan inoiz baino gehiago entzun da.

Gazako zerrenda forman zerrenda hitzak zer adiera duen azaldu dute bi erakundeek. «Bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez» osatutako multzoa izateaz gain, zerrenda «lursail luze eta estua ere bada». Eta hori da, hain zuzen, Gazako zerrenda: Egiptorekin muga egiten duen laukizuzen ia perfektua, Israelgo estatuaren menpe dauden lurrez inguratuta. Beste adiera bat ere badu: «zati luze eta meharra».

Ezin aipatu gabe utzi

Bande de Gaza frantsesez, franja de Gaza gazteleraz, Gaza strip ingelesez, eta faixa de Gaza portugesez. Eta Gazako zerrenda euskaraz. Gutxi izango dira azken hilabeteetan Ekialde Hurbileko 365 kilometro koadrodun lursail hori aipatu ez dutenak. Hori bera diote Euskaltzaindiak eta UZEIk: «Aurten puri-purian egon den adieratzat» jo dute.

Israelek Gazan egunez egun «Hamas ezabatzeko» egiten duenak lerroburu guztietan jarri du zerrenda hitzaren adiera ez hain ezaguna —lursail luze eta estua—, eta hori da bi erakundeek urteko hitz hautatzeko arrazoi nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.