EMAKUMEA ETA POLITIKA. BERDINTASUNERAKO LEGEA

Zerrendetatik aginterako koxka

Gizonak baino emakume gehiago izango dira, lehenengoz, Legebiltzarrean; ikusteko dago hori ardura postuetan islatzen

AINHOA SARASOLA / GURUTZE IZAGIRRE
2005eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
38 emakume eta 37 gizon. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boza eman zutenek ordezkaritza hori hautatu zuten. Alderdiek zerrendak mantentzen badituzte, lehenengo aldiz, emakume gehiago egongo dira Legebiltzarreko eserlekuetan, gizonak baino. Hori hala gertatu da Berdintasunerako Legearengatik.

Eusko Legebiltzarrak martxoaren 18an onartu zuen Berdintasunerako Legeak hala arautzen duelako, hauteskundeetara aurkeztu diren alderdien hautagai zerrendetan gutxienez %50ek emakumeak izan behar zuten. Portzentaje hori zerrenda osoan mantendu behar zen. Seinakako multzotan hiru emakumek eta hiru gizonek egon behar zuten, errenkadan, zerrenda osatu artean. Modu horretan lortu da hautatutako gizon eta emakume kopurua berdintsua izatea. Arautu aurretik, %33koa baino ez zen emakumeen presentzia. Dena den, ordezkaritza mantenduko da, alderdiek hauteskundeetara aurkeztutako zerrenden ordena mantentzen badute. Zerrendetan gorabeherak egonez gero, litekeena baita emakumeen ordezkaritzak behera egitea.Legeak ez du ezer esaten egon daitezkeen aldaketei buruz.Gainera, Berdintasunerako Legeak arautzen duenez, Eusko Jaurlaritzako sailburuen %40k emakumeak izan behar dute. Arau hori aintzat hartu beharko dute gobernua osatzen dutenean.Generoari dagokionean, lege horren ondorioz sortuko den Legebiltzarrari buruzko iritzia jaso du Berriak, hainbat legebiltzarkideri eta legebiltzarkide ohiri galdetuta.Emakumearen presentzia handitu beharraren kezka, lehenengo Eusko Legebiltzarreko osaketan sumatu zuten zenbait legebiltzarkidek: «Emakume gutxi gara, baina ea emakume gisa zerbait egitea lortzen dugun». 1980an Eusko Legebiltzarrean zeuden 60 legebiltzarkideetatik lau ziren emakumezkoak. Eta Legebiltzarrean elkar agurtu ondoren, horietako bik, Begoña Amunarrizek (EAJ) eta Itziar Aizpuruak (HB) izandako elkarrizketaren pasartea da, Aizpuruak Berriari adierazi dionez. Kezka agertzen zen ordurako emakume legebilzarkideen artean. Legebiltzarraren ordezkaritza ez zetorren bat ordezkatzen zuen gizartearekin, generoari zegokionean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartearen erdia emakumezkoa zen, eta emakumezko legebiltzarkideak %6 baino ez ziren. 25 urte behar izan dira, emakumearen presentzia parekatzeko.

Legearen zehazgabetasuna

Emakumeen ordezkaritza kopurua igotzea begi onez hartu dute galdetutako guztiek. Baina legeari hainbat hutsune ikusten dizkiote: «Emakumeak aginte postuetara iritsiko diren ikusteko dago. Garrantzitsuena aginte politikoan egotea da, eta zuzendaritza politikoetan gaur egun ez dago parekidetasunik». Horrela laburbildu du Itziar Aizpuruak Berdintasunerako Legeak utzi duen kezkarik nagusienetakoa; berdintasun kuantitatiboa eman da, kualitatiboa ematen den ikusteko dago, legeak ez baitu horri buruz ezer zehazten.

Legebiltzarreko eserleku horietatik sortzen diren aginte postuak (bozeramaileak nahiz lan batzordeetako ordezkariak) alderdietako zuzendaritzek aukeratu behar dituzte. Zuzendaritza gehienetan gizonezkoak dira nagusi, eta haiek hautatu behar dituzte Eusko Legebiltzarreko erabakiguneetan egon behar duten legebiltzarkideak. «Tradizionalki gizonezkoak egon diren erabakiguneetan emakumeei bide ematea kosta egiten da. Baina emakumeen presentzia hori ez bada bermatzen, kualitatiboki ez da urratsik egingo», adierazi du Gemma Zabaletak (PSE-EE).Dena den, BerdintasunerakoLegeak bide hori zabalduko duelakoan daude. «Gauzak naturalki gertatzen utziz gero, emakumeek gizonezkoek ez dituzten mugak aurkitzen dituzte. Gizonezkoentzat egina dagoen mundua emakumeentzat zailtasunez beteta dago. Ahal den arlotan, muga horiek kentzea da helburua, gizartea aldatzen saiatu gure ikuspuntua gehituz eginbide politikoetara», gaineratu du Gema Gonzalez de Txabarrik (EAJ).Datorren legegintzaldiko Legebiltzarrean emakume gehiago egotea ere begi onez ikusten duOnintza Lasak (EA). Gainera, onuragarria izango dela uste du. «Salbuespenak salbuespen, uste dut akordioetara iristeko gaitasun gehixeago daukagula gizonezkoek baino. Horren froga da, oro har emakumeak egon izan garen batzordeetan akordioak iaaho batez lortu izan direla».Galdetutakoek emakumea akordioak eta adostasunak lortzeko iaioagoa dela uste duten arren, hainbat salbuespen badaudela nabarmendu du Aizpuruak. «Emakumea ez da emakume izateagatik aurrerakoia. Eskuindarra den emakume bat ez da sekula aurrerakoia izango», iritzi zion. Hori dela-eta aldarrikatu du Aintzane Ezenarrok (Aralar) feminismoa. «Feminismoak Eusko Legebiltzarrean egon behar du berdintasunerantz eraginkorki aurrera egiteko». Berdintasunerako Legeak alde onak badituela onartu arren, mugimendu feministak egindako lana ez duela aintzat hartzen gaitzetsi du, «emakumeok gauden lekuan gaude borroka feministari esker, eta Berdintasunerako Legean aipamen bat bera ere ez egitea erabat injustoa da».

Erronka berriei heltzeko ausardia

Dena den, emakumea erabakiguneetan ez da egon, galdetutakoen ustez, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, gizonezkoek lanpostu erabakigarrietarako, ohituraz, gizonezkoak deitzea erabakitzen dutelako. Bestetik, postu horiek bete ditzaketen emakume asko egon arren, aginte postuetara joateko «beldurra» izaten dutelako, eta beste gauza batzuk lehenesten dituztelako; etxera askoz ere lotuago egon izan dira gizona baino. «Gizonak askoz ere errazago utzi du aurreko betebeharra politikan aginte postuetan egoteko», esan du Aizpuruak.

Horretan bat etorri dira elkarrizketatuak, eta iraganeko formulekin pixkanaka hautsi beharra dagoela adierazi dute. Izan ere, emakumeek aginte postuetan egoteko gaitasuna badutela ez dute zalantzarik, eta erronka horiei heldu behar zaiela azpimarratu dute guztiek. «Botereguneetan egon behar da, emakumea pixkanaka sartzen hasi da, eta horrek ez du atzera bueltarik», Ezenarroren ustez.Horregatik izan daitezke komenigarri legeak; parekidetasuneranzko bidea egiten laguntzeko. Datozen lau urteetan Eusko Legebiltzarrean emakume gehiago egongo dira gizonakbaino: 38 emakume eta 37 gizon, alderdiek aldaketak egiten ez badituzte behintzat. Datozen asteetan argituko da zein postu egokitzen zaizkien.

Udal hauteskundeetan parekidetasunik ez





Eusko Legebiltzarrak onartutako Berdintasunerako Legeak Legebiltzarrerako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendek parekideak izan behar dutela jasotzen du. Hauteskundeetara aurkezten diren alderdien zerrendetan gutxienez erdiek emakumeak izan behar dute. Udal hauteskundeak, berriz, Espainiako Hauteskunde Lege Orokorrak arautzen ditu, baita Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak eta Europako erakundeetarako hauteskundeak ere. Eta beraz, lege orokor horrek arautu beharko luke gizon eta emakumeen presentziak zenbatekoa eta nolakoa izan beharko lukeen.

Legea indarrean jarri ez den erakundeetan, gizonak nagusi





Paueko Kontseilu Nagusian eta Nafarroako Legebiltzarrean gizona nabarmen agintaritzan

A. SARASOLA / G. IZAGIRRE - DONOSTIA

Berdintasunerako Legearen ondorioz sortuko den Legebiltzarrak ez dauka zerikusirik lege hori betetzeko premiarik gabe sortutako beste erakundeekin, emakumeen ordezkaritzari dagokionean. Arabako Biltzar Nagusiak, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Nafarroako Legebiltzarra eta Paueko Kontseilu Nagusiaren osaketa begiratuz gero, ordezkaritza txikia da emakumeena. Txikiena Pauekoa, 7 emakume eta 45 gizon.

Legearen ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietarako datozen hauteskundeetan emakumeek gutxienez zerrenden %50 osatzea ezinbesteko baldintza izango da alderdiak hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Dena den, Arabako Biltzar Nagusietan eta Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan berdintasuneranzko urratsak egiten hasiak dira, legea indarrean jarri behar izaterako. Horren adibide da hiru batzar nagusietako lehendakariak emakumeak izatea. Ez da horrela gertatzen ahaldunnagusiekin. Horren harira Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Leire Ereñok Arabako Biltzar Nagusietara egindako bisita batean gertatutakoa kontatu dio Berriari. «Batzar Nagusietako hiru lehendakariak Arabako Diputaziora joan ginen bisita bat egitera. Hango areto batean ahaldun nagusi izan diren guztien argazkiak daude, eta han ez dago emakumerik. Gure artean esan genuen berdintasunaren aldeko urratsa egite aldera, naturaltasunez jaso behar genukeela ahaldun nagusi bat emakumea izatea».

Elkarrizketarako eta adostasunerako joera

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 51tik 13 dira emakumezkoak. Datorren legegintzaldian, baina, emakume eta gizon kopurua berdintsua izango da. Hori politika egiteko garaian igarriko dela uste du Ereñok «elkarrizketarako eta adostasunerako» joera baduelako emakumeak.

Erakundeetan pixkanaka sartzen joan direnean gizarte zerbitzuak jorratzen zituzten departamentuen zuzendaritza egokitu zaie hein handi batean. «Historian emakumeak eduki duen rolaren arabera egokitu zaizkio lanak politikan». Badira sail batzuk gizonezkoenak jotzen direnak. Hori gainditu beharra dagoela nabarmendu du Ereñok: «Badirudi azken legegintzaldian lehendakariak urratsak egin dituela ildo horretan, izan ere, lehendakariordea emakumea izan da; eta historikoki gizonezkoari lotuta egon den sail batean, industrian, emakumea izan du buru».Berdintasuneranzko bidean erakundeek gidaritza eraman behar dutela azpimarratu du. «Demokrazian sakondu nahi badugu, beharrezkoa da gizon eta emakumeen berdintasuna, ez soilik paperean islatzea, baizik lege horiek egunerokotasunera eramatea eta gauzatzea». Eskaera hori egin du Ereñok, Batzar Nagusietako lehendakaritzatik: «Benetako normaltasuna lortuko da albiste ez garenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.