Zerutik heldu da konexio zabala

'Hispasat 1E' sateliteari esker, Interneterako lotura hobetzeko era dute banda zabalerako aukerarik ez duten Hego Euskal Herriko 95.000 biztanleek. Espainiako Industria Ministerioak lagundu du diruz aldaketa.

Interneteko konexio arazoak ohikoak izaten dira zenbait gunetan. LANDER F.ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bukatu dira Interneterako konexio motelak, inoiz kargatzen ez diren egunkarietako argazki eta bideoak, Internetera konektatzen den bitartean modemak egiten duen zarata. Etxean banda zabala izateko aukera ez zuten Hego Euskal Herriko 95.863 pertsonek konexioa hobetzeko aukera dute hilabeteotan. Hispasat 1E satelitearen bitartez, Internetera banda zabalaren bitartez konektatzeko erraztasunak izango dituzte, Espainiako Industria Ministerioak diruz lagundutako eskaintza bati esker.

Adinarekin lotu da gehienetan haustura digitalaren kontzeptua, baina landa eremua ere haustura horren erakusgarri izan da. Telefono sareko azpiegiturek, orografiak edota herrien sakabanaketak banda zabalerako konexioa galarazi dute maiz. Garai bateko modem bidezko konexioa txiki gelditu da etxeko erabilerarentzat, eta are gehiago Internet bidez beren produktuak merkaturatu nahi dituzten laborari edo abeltzainentzat. Guztira Hego Euskal Herriko biztanleen %3,4k ez dute izan orain arte banda zabalerako sarbiderik eta %22k estaldura arazoak izan dituzte, Espainiako Industria Ministerioak berak emaniko datuen arabera.

Hispasat 1E satelitearen banda zabaleko konexioak arazo horiei konponbidea eman diezaieke, hori baita datozen urteetan izango duten aukera bakarretakoa. Hain zuzen ere, datozen bost urteetan toki horietako azpiegitura hobetzeko asmorik ez dutela jakinarazi dute telekomunikazio enpresa nagusiek. Hori dela-eta erabaki du Espainiako Industria Ministerioak hutsuneak betetzeko satelite bidezko konexioa diruz laguntzea, teknologia hori bideragarria egiteko etxeko erabiltzaileentzat. Hain zuzen ere, satelite bidezko konexioa ez da aukera berria, baina salneurria zuen orain arte oztopo nagusi.

Satelite bidezko banda zabala 2000. urtetik da erabilgarria, baina enpresa handientzat zegoen pentsatuta. Azpiegitura, eta horren instalazioa, 5.000 eurokoa zen, eta hileko kuota, 500 euro ingurukoa. 2009an, merkeagoa zen arren, konexioa izateko tresnek 800 euro inguru balio zuten oraindik ere. Teknologia, merkatu den arren, oraindik garestia da, eta horixe lagunduko du, hain zuzen, ministerioak diruz, azpiegitura: antena, hargailua, instalazioa...

Zerutik, baina ez mauka

Quantis enpresak merkaturatuko ditu Hispasat 1E satelitearen bidezko Internet konexioak. Dena den, enpresa horrek eta Industria Ministerioak sinatutako hitzarmenak muga handiak ditu gaur egun. Hain zuzen ere, eskaintza mugatua da. Diruz lagundutako 5.000 antena eta hargailu eskaintzen ditu une honetan Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Katalunian. Baina ez da aski; Nafarroan bertan, 6.599 etxebizitzak beharko lukete teknologia hori Internetera konektatu ahal izateko. 2011. urtean lortutako hitzarmena mugatua da, baina datorren urtean diruz lagundutako eskaintza «nabarmen handitzeko» asmoaren berri eman du Rodrigo Ladron de Guevarak, Quantis enpresako Negozio Garapenerako zuzendariak.

Bestalde, sarerik gabeko Interneterako konexioei egin izan zaizkien kritiken itzala du satelite bidezko konexioak. Eguraldiak konexioaren kalitatean eragin dezake. Horrez gain, hitzezko komunikazioetarako ez da sistema egokitzat jo, atzerapen handia sortzen baita. Ladron de Guevarak dio, ordea, satelite berriarekin puntako teknologia abiarazi dutela eta zailtasun horiek gainditu direla.

Hego Euskal Herriko banda zabaleko konexioen salneurri gehienekin pareka daiteke satelite bidezko konexioarena, baina berezitasun batzuekin. Kontratatutako zerbitzuaren arabera, Internetetik hartutako datuak mugatuak izan daitezke. Apur bat gehiago ordainduta, konexio mugagabea izan daiteke, baina erabiltzaile asko konektatzen direnean, satelitea gehien erabiltzen dutenen konexioa mantsotuko du Hispasat 1E satelitearen zerbitzuak merkaturatzen dituen enpresak, egoera bere onera itzuli arte. Hileko konexio merkeena 25 eurokoa da, eta garestiena, 89.90 eurokoa, gehi 46,02 euro izena emateagatik. Dena den, prezio horretan ez dira sartzen doako deiak, ezta bestelako zerbitzuak ere.

Telefono linearen arazoak

Distantzia eta telefono linea askok duten ahalmena da Hego Euskal Herriko toki askotan banda zabala ez izateko arrazoia. Ohiko telefonoaren kableek teknologia hori har dezaketen arren, telefonogunetik ateratzen den seinalearen indarra galtzen da lau-bost kilometroan. Horrek eragin zuzena du bakartuta dauden etxe, baserri eta auzoetan. Nafarroan adibide argiak daude. Baztanen 1.610 pertsona inguru ezin dira banda zabalera konektatu, Estellerrian 1.405 pertsonak dute arazo hori, eta Tafalla inguruan, beste 1.134k. Zuntz optikoa konponbide onena litzateke, baina ez da errentagarria auzo bakartuetaraino eramatea. Zerua da, oraingoz, irtenbide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.