Sutea

Zestoa eta Deba inguruetako sua menderatuta daukate

Haize zakarrak traba asko jarri dizkie Zestoa, Deba eta inguruetan piztu diren hainbat su itzali nahian aritu diren suhiltzaileei. Gipuzkoako foru aldundiak jakinarazi duenez, arratsaldeko bostak alderako kontrolpean hartzea lortu dute. Nolanahi ere, haizea ez da guztiz apaldu, eta arriskuak hor jarraitzen duela abisu eman du Foru Aldundiak.

2005eko urriaren 27a
19:15
Entzun
4:45 aldean piztu da sua Zestoako Endoia auzoan. Inguru hartan dagoen Potzualde baserrian bizi den gizonezkoa ohartu da. Etxetik ateratzea lortu du, baina baserria suak hartu du, eta guztiz kiskalita geratu da. Haize aldakorraren eraginez norabide desberdinak hartu ditu suak, eta inguruan su berriak ere piztu dira. Elektrizitate kableek elkar jota sortu direla garrak uste da. Sastarrain, Itziar zein Elorriaga auzoak garretan egon dira esaterako. Ez da inor zauritu, baina inguruko baserriekin kezka handia izan dute; arriskuan zeuden bost baserriren ondoan 18.000 litroko ur deposituak jarri dituzte.

Basoan piztu da sua, eta haizearen ondorioz, sute handi bihurtu. Suhiltzaileek orduak eraman dituzte garrak itzaltzeko ahaleginetan, baina haize zakarra izan dute etsai, eta ez dute egiteko erraza izan. Bost basozain, Gipuzkoako Foru Aldundiko bi laguntza talde eta sei zisterna kamioi aritu dira lanean, eta baita Azpeitia, Zarautz, Eibar eta Oñatitik joandako suhiltzaileak ere.

Piztu eta ordu batzuetara, goizeko zazpiak aldean, estualdia izan dute Sastarrain baserri eskolan. Haizearen ufada batek harantzako norabidean jarri du sua, eta bertan zeuden 48 haur Zestoako polikiroldegira eraman behar izan dituzte. Agurain ikastolakoak ziren, eta dagoeneko etxera bidean dira, guztiak onik.

Hiru baserritatik jendea atera behar izan badute ere, ez da inor zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.