Kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak erabiltzea erabaki duelako, Zestoako Udalari (Gipuzkoa) ere helegitea jarri dio Espainiako Estatuko abokatuak. Estatuko abokatuaren helegitea jaso duen hirugarren udala da; lehenago Anoeta eta Lezo ere salatu zituen.
Zestoako Udalak martxoaren 26ko osoko bilkuran erabaki zuen kontratazioetan hizkuntza irizpideak erabiltzea. Aho batez hartu zuen erabakia. Erabaki horri jarri dio helegitea estatuko abokatuak.
Gipuzkoako 36 udalek bat egin zuten kontratazio publikoak egiteko baldintza pleguetan hizkuntza irizpideak sartzeko adostasunean. Urtarrilean eman zuten asmoaren berri. Harrezkero hemeretzi udalek hartu dute erabakia modu ofizialean.
Edozein kasutan, beste administrazio askok ere antzeko tresnak erabiltzen dituztela oroitarazi du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, eta aurrerantzean ere hizkuntza irizpideak erabiltzen jarraitzeko asmo "irmoari" eutsiko diola jakinarazi du.