Zezen plazak alde batera utzi, eta epaitegietan toreatu beharko dituzte zezenak Frantzian. CRAC Comite Radicalement Anti Corrida elkarteak eta Droit des Animaux abereen eskubideen defentsarako taldeak Konstituzioaren Kontseilura jo zuten, zezenketak konstituzioarekin bat ote datozen ala ez aztertzeko eskatzeko. Kontseiluak men egin dio eskaerari; gaur erabakiko dute zezenketen konstituzionaltasunari buruz. Ebazpena ez du gaur emango, baina horretarako data bat jartzea espero da.
CRAC elkarteko kide Jenofa Cuisseten hitzetan, kontseiluak ebazten badu zezenketak ez datozela bat konstituzioarekin, "zezenketak desagertu egin daitezke". Joan den urteko apirilean, Frantziako kultur ondare izendatu zituzten zezenketak. Gaur egun, Frantziako 47 hiritan egiten dituzte.
Frantziako legediak 30.000 euroko isunak eta bi urterainoko kartzela zigorra aurreikusten ditu animaliei "kalte krudelak" eragiten dizkieten herritarrentzat. Baina 1951tik, salbuespenezko bi kasu aipatzen dira "horretarako tradizioa" dagoen lurraldeetan: zezenketak eta oilar borroka. Orainn bitarte, gobernu guztiek mantendu dituzte salbuespenezko neurri horiek.
Manuel Valls zezenketen alde mintzatu da
Manuel Valls Frantziako Gobernuko Barne ministroaren esanetan, zezenketak "mantendu beharreko ohiturak dira". Vallsen ustez, Frantziako eremu batzuetan zezenketak debekatuta egoteak ez du esan nahi "berdintasuna muturrerera eraman behar denik".
"Balio komunaka daude, Errepublikarenak, Estatuaren babesarenak, baina sustrai batzuk ere beharrezkoak dira", azaldu du barne ministroak. Horrela, eremu batzuetan "zezenketen kultura" babestearen alde egin du.