Katalunian zezenketak debekatu aurretik ere mugimendu animalista indartsua zegoen; hala diote debekua arrazoitu nahi dutenek, erabakiaren aldeko zein aurkakoek. Baina gehienak ados daude: Katalunia salbuespen bat da, Euskal Herrian ez litzateke sekula horrelakorik gertatuko. Euskal Herrian oso sustraituta dagoen tradizioa dira zezenketak; baten batek «toreatzaileen lurra» dela ere esan zuen.
Kontrako iritzikoak dira, ordea, animalien eskubideen aldeko taldeak. Prou! plataformaren arrakastaren ondoren berebiziko aukera ikusi dute hainbatek kanpaina berriei ekiteko, eta bada Katalunian gertatutakoak motibatuta sortu den talde berririk ere.
Haietako bat da Nahiko hiritar plataforma, Prou!-ri izenaz gain, izana ere kopiatu asmoz sortu dena. Plataformako ordezkari Lorea Burgesen iritziz, aukera handia dago zezenketen aurkako mugimendua Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara hedatzeko: «Katalunian gertatu denarekin, agian orain gaiaren inguruko sentiberatasun handiagoa dago gizartean». Jendeak kontzientzia hartzeko, ordea, beharrezkoa ikusten dute eztabaida sustatzea, eta hasiera batean horixe da euren helburu nagusia.
Animalien Eskubideen Aldeko Elkarteko Leire Elosegirentzat ere, gakoa jendearengana hurbiltzea da: «Jendeak zezenketen gainean dituen jarreretan alde handia dago: edo erabat alde egoten dira edo erabat kontra. Arazoa da erdian jende pila bat dagoela, ez dena inon kokatzen, eta haiekin hizketan hasten zarenean ohartzen zara nahiago dutela zezenketarik ez egotea».
ATEA, Animalien Tratu Etikorako Elkartea, ziur dago Euskal Herriak jarraituko diola Kataluniako ereduari. Hala adierazi du Kepa Tamames bozeramaileak: «Ez dago beste aukerarik; zenbat denbora beharko duen, hori da galdera». ATEAk Bilboko Aste Nagusian Kataluniakoaren antzeko sinadura-bilketa «sinboliko» bati ekin zion, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta «politikariei erakusteko zezenketarik nahi ez duen jende asko dagoela» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bederatzi egunez eduki zuten postua Bilboko festagunean jarrita, eta esperotako 3.000 sinaduren ordez «ia bikoitza» jaso zuten. Tamamesek pozarren oroitu da ekimenaz: «Egunero 600 lagunek sinatzen zuten. Eta 600 pertsona, mahai batetik igarotzen eta datuak idazten... Etengabeko ilarak geneuzkan».
Gainerako lurraldeetan ere badaude antzeko ekimenak. Nafarroan duela gutxi sortu da Hemen Ere Bai, zezenketen abolizioaren aldeko plataforma; sinaduren bidez, lurralde osorako zezenketen debekua dute helburu, «XXI. mendeaz gozatzeko gai den Nafarroa osasuntsu bat» lortzeko. Ipar Euskal Herrian, berriz, CRAC-Europe —Comite Radicalement Anti Corrida— batzordeko kide den Jenofa Cuisset aritu da azken hamarkadan sinadura bila; guztira, 204 bildu ditu. Frantziako Estatuko kanpaina baten parte da, eta bi eskaera egiten dituzte: «Alde batetik, zezen-plazen aurrean eta manifestazioetan sinatu behar dena, zezenketak debekatzeko; eta, beste alde batetik, Interneten dabilena, Unescok ez ditzan izenda zezenketak Gizadiaren Ondare Materiagabe, hainbat zalek eskatu duten moduan».
Oztopoak oztopo, talde gehientsuenek bat egiten dute: zezenketek ez dute etorkizunik. Zezen-plazak gero eta hutsago daude, eta badirudi belaunaldi gazteek plazatik kanpo topatu dutela gustuko entretenimendua. Hala ere, badira desagertze prozesua luza dezaketen zenbait «mito»; Nahiko-k eztabaidan ikusten du horiek gezurtatzeko bidea. Tamames ere iritzi berekoa da: «Jendeak gertakarien egiari buruz hausnar dezan nahi dugu, ez daitezen estetikarengatik engainatzen utz. Artea, tradizioa eta kultura ondo daude, baina sufrimendua badago, amaitu egin behar da».
Zezenketen atzean dauden interesei ere aurre egin behar zaie, ordea. Elosegik argi du: «Boterean zezenzaleak daude. Zezenketak herritarron interesekoak, behintzat, ez dira; zergak erabiltzea ere horiek mantentzeko! Badaude beste mila arazo eta gauza hobe diru hori gastatzeko».
Cuissetek salatu duenez, egoera bereziki larria da Baionan: «Baionako alkatea zezenzale amorratua da, eta edozertarako prest dago zezenketak antolatzen jarraitzeko». Publiko berria erakartzeko, udalak gaztetxoei sarrerak doan eskaintzen dizkie tarteka. «Baionak diru asko galtzen du zezenketekin»; hain zuzen ere, aurten 92.000 euroko galera izan du, eta, Cuisseten iritziz, «gazteak dira zor hori ordaindu beharko dutenak».
Cuissetek argi du; zezenketak hiritik bakarrik ez, herrialde osotik kanpo nahi ditu: «Zezenketa, hori ez da euskal kultura».
Osasunarentzako kalte
Nahiko! plataformak Iñigo Lamarca Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoarekin biltzeko asmoa du, hark Legebiltzarrean zezenketen aurka egin dezan. Izan ere, Lamarca Adingabearen arartekoa ere bada, eta, plataformaren ustez, zezenketak «arautu» egin behar dira, nerabeengan duten eragina murrizteko. Besteak beste, zezen-plazetara sartzeko gutxieneko adina hamasei urtetara igotzea nahi dute.
Toreatzaile eskoletan izena emateko, hamalau urte izan behar dira gutxienez. «Orain, hamalau urteko mutil edo neska batek ezin du erabaki unibertsitatera joan nahi duen edo ez, baina bai toreatzaile izan nahi duen»; hala adierazi du Burgesek. Haren iritziz, tauromakiak transmititzen dituen balioak «oso atzerakoiak» dira. Tartean sexismoa dago: «Duela hamar bat urte egon zen emakumezko toreatzaile bat, eta ez zioten inolako aukerarik eman. Hori ere ez da inoiz esaten, baina zezen mundua oso matxista da».
Horrez gain, 273 zientzialarik sinatutako txosten bat aurkeztu nahi diote arartekoari; Kataluniako Parlamentuan eztabaidatutako dokumentua da, eta zezenketek gizartean duten eragin kaltegarria deskribatzen du. Haren arabera, «ikerketa ugarik» erakusten dute animalienganako tratu txarrak hertsiki lotuta daudela pertsonenganako tratu txarrekin, hala nola genero indarkeriarekin eta umeen tratu txarrarekin. Gazteak dira eragina gehien pairatzen dutenak: «Animaliekiko tratu txarren lekuko izate hutsak betikotzen du indarkeriaren zikloa, sentiberatasun galeraren eta imitazioaren bidez. Horrelako tratuak behin eta berriz ikusten dituzten gazteek errazago ikasiko dute indarkeria harreman pertsonaletan erabiltzen».
Zezenketei adarretatik heltzeko prest
Katalunian zezenketak debekatzeko ekimenaren arrakastak Euskal Herrian ere motibatu ditu animalien eskubideen aldeko hainbat talde; batzuek ekimena hemen ere zabaltzeko asmoa dute, errealitateak oso ezberdinak direla aitortu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu