EAEko Auzitegi Nagusiak Hiritar Kontsulten Araudia behin-behinean indargabetu ostean, aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu zen Donostia Antitaurina Orain plataformak Aste Nagusiko zezenketei buruz galdeketa egiteko zuen asmoa. Horretarako 9.000 sinadura lortu zituen, eta martxan ziren prozedura guztiak. Araudi hori atzera botata, baina, bidea etenda geratu zen.
Donostiako Udalak Auzitegi Nagusiaren erabakiari helegitea jarri zion, eta behin betiko erabakia hartu bitartean araudia indarrean egon zedila eskatu zuen. Horri buruzko erabakirik ez dago, baina araudia martxan balego bezala galdeketak abiatutako bideari segida ematea erabaki du Eneko Goia alkateak, bozeramaileen batzordean jakinarazi duenez. Hala, galdeketara deitzeko sinadura egingo du datorren astean.
Agenda begiratuta —hauteskundeak kontuan hartuta, besteak beste—, galdeketa otsailaren 19an egitea erabaki du, eta galdera Donostia Antitaurina Orain plataformak proposatutakoa izatea: "Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?".
Auzitegiak araudia indargabetuta mantenduko balu, galdeketa egiteko beste bideak baliatuko dituela esana du Goiak; Espainiako Ministroen Kontseiluari baimena eskatzea da aukera.