Zezenketak

Zezenketen kartelak "berehala" erretiratzea eskatu du Donostiako EH Bilduk, gaztelania hutsean daudelako

Euskara ordenantza urratu izana egotzi dio koalizioak Eneko Goia alkateari, eta kezka azaldu du "legealdiaren hasiera honetan EAJk euskararekiko izandako hainbat jokabiderengatik".

Donostiako Aste Nagusiko zezenketak iragartzeko bi kartelak.
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 5a
08:34
Entzun

Hiriburuko leku sinbolikoak ageri diren kartelak aurkeztu zituzten Donostiako Aste Nagusiko zezenketak iragartzeko, uztailaren lehenean. Egunotan jarri dituzte kartelak hiriburuko kaleetan eta horren harira, euskararen hutsunea salatu du EH Bilduk. Kartelen "berehalako" erretiratzea exijitu du, gaztelania hutsean daudela eta euskararen ordenantza ez dutela betetzen salatuz.

Donostiako Udaleko euskararen erabileraren inguruko arautegian 25.1.1 artikuluak betebehar hau biltzen duela ohartarazi du koalizioak kaleratutako komunikatuan: "Udalaren diru-laguntzaren bat jasotzen duen edozein enpresa, erakunde, nahiz pertsona fisiko edo juridikok, euskaraz edota bi hizkuntzetan emango du diruz lagundutako jardueren berri".

"Legealdiaren hasiera honetan Goiaren udal gobernuak euskararekiko izandako hainbat jokabiderengatik" kezka azaldu du EH Bilduk, eta erreferentzia egin dio alkateak orain gutxi gazte donostiar batzuei egindako harrerari, non entregatutako plaka gaztelania hutsean zegoen. Bestalde, Aste Nagusiko aurkezpenean programazioaren berri gaztelaniaz soilik eman izana egotzi die EAJri eta PSE-EEri. "Ez ditugu atzera pausuak onartuko" iragarri du.

Ernesto Gasto zinegotzi sozialistak gogorarazi du Donostiako Udalak ez duela "euro bat bera ere" jartzen zezenketak egiteko. Aste Nagusian antolatzen den jarduera honek jendea "erakartzen" duela eta "aparteko diru-sarrerak ekartzen" dituela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.