Zezenketen kontra, protesta egin dute Donostian

Hiritarrek zezenketarik ez dutela nahi esan dute Donostia Antitaurina Orain! taldeko kideek, eta galdeketa bat eskatu

Manifestariak, zezenketen aurkako afixak eskuan hartuta. GARI GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Donostiak bere burua zezenketen aurkako hiritzat jo dezan, horri buruz bete beharreko galdeketa bat egiteko eskatu zuten ehunka lagunek herenegun Donostian. Donostia Antitaurina Orain! plataformak antolatu zuen protesta. Agiri bat egin du gaiari buruz, eta atxikimenduak biltzeari ekin dio.

Zezenketak badira aurten ere Donostiako Aste Nagusian, nahiz eta programa ofizialetik kanpora utzi dituzten. Zezenketak bai, eta protestak ere bai, azken urteetan ohiko bilakatu denez. Deitzaileen iritzian, donostiarrek ez dituzte nahi zezenketak. «Ez dugu zezenketak desagertzeko soilik eskatzen; Donostiak bere burua zezenketen aurkako hiritzat jotzea nahi dugu», adierazi zuten. Hala, proposamena egin diote udalari, galdeketa bat egiteko. Nabarmendu zuten bidegabea dela zezenek pairatzen duten tratua. «Bada ordua zezenek sufritzeari utz diezaioten eta animalia guztiek errespetua izan dezaten».

Plataformak onartu du ez dela bideragarri zezenketak datorren urtea baino lehen bertan behera uztea, 2012rako kontratazio batzuk dagoeneko eginda baitaude.

Beste hiru protesta Bilbon

Bulebarrean hasi eta amaitu zuten martxa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak besterik agindu bazuen ere. Jaietan oztopo zela esanda, ibilbidea aldatzea nahi zuen Jaurlaritzak, baina auzitegiak Bulebarretik abiatzeko baimena eman zion plataformari.

Bilboko Aste Nagusian ere izango dira zezenketak. Baita protestak ere: hilaren 20rako, 26rako eta 27rako egin dituzte deialdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.