Zhang Yue: "Milaka Sky City izango balira, mundua leku hobea izango litzateke"

2013ko irailaren 6a
09:49
Entzun

Zaila da Zhang Yuerekin hitz egitea. 1992an 3.000 dolarrekin Broad Sustainable Building (BSB) sortu zuen gizonak gauza asko batera egiteko joera dauka. Kazetariari erantzuten ari zaiola, gai da WeChat bidez iPhonera bidaltzen dizkioten mezuei erantzuteko; zigarretak bata bestearen atzetik erretzen ditu, eta bulegoan sartu-irtenean dabiltzan langileekin mintzatzen da. Nabaria da ez duela gustuko prentsarekin hitz egitea. Baina, ezezko ugariren ondoren, bere proiektu izarrak —Changshako Sky City— jaso dituen kritika txarren ondoren, onartu du elkarrizketa ematea. Hori bai, bi orduko atzerapenarekin, eta 14 minutu eskas. Erantzunak metraileta baten tiroen modukoak dira.

Lehen aldia da munduko etxe-orratzik handiena bigarren mailako hiri batean jarriko dela. Zergatik aukeratu duzue Changsha?

Arrazoia oso sinplea da: BSB hiri honetan jaio eta hazi da. Hemen dago gure lantegia eta uste dut lehen-lehenik gura lurraldea garatu beharra dugula.

Ziurtatu izan duzu Sky Cityrekin ez duzuela ikur bat sortu nahi. Baina 838 metroko garaierarekin saihetsezina dirudi...

Bai, arrazoi duzu. Uste dut ez dudala neure burua ongi azaldu. Ez dudana nahi da arrazoi estetikoengatik nabarmentzen den eraikin bat egin. Nahi dut, ordea, ingurumenaren babesaren eta eraginkortasun energetikoaren ikurra bihurtuko den zerbait eraiki. Nahi dut jendeak pentsatzea: «Etxe orratz honek 20 zentimetroko babes termiko bat du, lau geruzako leihoak eta nire etxeak baino lau aldiz energia gutxiago kontsumitzen du». Gure kalkuluen arabera, Sky Cityrekin eragotziko dugu atmosferara 120.000 tona CO2 isurtzea. Alde horretatik, bai espero dut ikur bat izatea.

Kritika batzuek diote ez dagoela eskaerarik eraikina betetzeko eta oskol huts bat izango dela.

Hori esaten dutenek ez dute arrastorik ere Changshako higiezinen merkatuari buruz. Hiri honetan, hamar milioi metro koadrotik gora ari dira eraikitzen urtean. Alde horretatik, gure proiektua txikia da.

Beste batzuek diote ez dituzula eraikitzeko baimen guztiak lortu.

Zurrumurru horiei buruzko nire iritzia dut. Kezkatzen nauena da CCTV berak ere [kate publiko nagusia] aipatu dituela, egiaztatzeko lana hartu gabe. Argi esan nahi dut: baimenak ditugu eraikuntzaren fase guztietarako.
 

Zer moduzko harremana duzue gobernuarekin.?

Zuzena.

Zuen helburuen artean dago halako proiektu batek eragin ohi duen ustelkeria saihestea. Lortu duzue?

Bai. Ez dugu inor erosi. Egia da, ordea, etxegintzan ustelkeria oso-oso zabalduta dagoela.

Nola irudikatzen duzue etorkizuneko hiria?

Niretzat, leku perfektua izango litzateke eraikinek eta errepideek ahalik eta azalera gutxien estaliko luketen bat, energia xahutuko ez lukeen bat, eta barruan jarduera asko egiteko aukera emango lukeena. Sky Cityk, berez, 9.000 metro koadro soilik betetzen ditu, eta milioi bat metro koadroko bizitegiak izango ditu. Halako milaka izango balira, mundua leku hobea izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.