Ziaboga atzerri politikan

PSE-EEren Jaurlaritzak ekonomia gaietara bideratuko ditu Atzerriko Ordezkaritzak, eta ez aurreko gobernuak bezala «bere egitasmo zehatzen» alde egitera.

Oihana Elduaien Uranga.
2009ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Noranzko aldaketa izango du Eusko Jaurlaritzaren Atzerri Politikak; ziaboga emango du. EAJren esku izan den Jaurlaritzak «haren esku zeuden politika zehatzak» defendatzeko erabiltzen zituen Atzerriko Ordezkaritzak, «euskal herritarren interesen defentsarako» erabiliko ditu PSE-EEren Jaurlaritzak. Lehen «Ibarretxeren proposamena zabaltzeko eta antzekoetarako» erabiltzen ziren ordezkaritza horiek, lehendakaritzako iturriek BERRIA-ri esan diotenez, baina noranzko hori okerra zela uste dutenez, beste zentzu bat eman nahi diete ordezkaritzei: batik bat, ekonomiari lotutako gaietan arituko dira aurrerantzean, «Euskadi bikaintasunaren marka» bihurtzeko intentzioz.

Guillermo Etxenikeren egitekoa izango da noranzko aldaketa hori zuzentzea, bera izendatu baitute Atzerri Politikako zuzendari. Lana «zentzu handiarekin» egingo duela diote lehendakaritzatik.Hala, aurreko egitura aztertu eta nola egokitu pentsatzen egon ostean, hil honetan emango ditu azalpenak Etxenikek Eusko Legebiltzarrean. Aldaketak egiten hasi dira nolanahi ere, eta zazpi ordezkaritzetako arduradunak izendatzen ari dira, guztiak zehazteke dauden arren.

PSE-EEren Jaurlaritzak ez ditu nazioartean dituen zazpi ordezkaritzak itxiko, baizik eta berbideratu egingo ditu. Nazioartean lanean ari diren euskal enpresei eta gizabanakoei laguntza eman nahi diete. Horregatik, euskal enpresak egon bai, baina Jaurlaritzaren ordezkaritzarik ez dagoen tokietan haiek irekitzea ere ez dute baztertzen. Toki horiek ez dira izango Juan Jose Ibarretxeren Jaurlaritzak buruan zituenak -Quebec, Erresuma Batua, Alemania...-, baizik eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan zen asteko gobernu bileraren ostean esan zuenez,Txina edo Indiaren antzeko tokiak dituzte jo puntuan. Nolanahi ere, lana «ez biderkatzeko» asmoa dutenez, harritzekoa litzateke bi toki horietan ordezkaritzak irekitzea, SPRIk badituela kontuan hartuta.

Izan ere, aurretik ere badago euskal enpresei laguntzeko zeregina duen eta Jaurlaritzari atxikita dagoen erakunde bat: SPRI, Enpresa Garapenerako Agentzia. Lanak «handitu» ez daitezen, SPRI eta Gobernu Ordezkaritza dauden tokietatik bietako bat kentzea ez du baztertzen Jaurlaritza berriak. Idoia Mendia bozeramaileak atzo bertan esan zuen, krisi garaian «eta bestelakoetan» zentzua erabili eta optimizatu egin behar direla bitartekoak. Egoera horretan daude:Mexiko, Argentina, Txile eta Ameriketako Estatu Batuak. Jaurlaritzaren Atzerri Politikako ekimenak eta SPRIrenak elkarlanean egingo dira, Jaurlaritzako iturrien arabera.

Enpresei laguntza emateko nazioarteko sare hori mantentzeko eta indartzeko beharra dagoela uste dute Jaurlaritzako iturriek, eta horretan jarraituko dute, betiere orain arte egindakoaren noranzko aldatuta.

Urteroko txostenak

«Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategian adierazitako helburu nagusiak betetzeko bitartekoa» izan dira orain arteko Jaurlaritzaren Atzerriko bulegoak. «Hala nola Euskadik nazioartean zuzenean parte hartzea, Euskadi subjektu aktibo gisa kokatzea nazioartean edo kanpo ekintza sustatzea, bai Eusko Jaurlaritzaren aldetik bai beste hainbat euskal erakunderen aldetik» zuen helburu.

Urtero-urtero aurrekontu bat onartzen zuen Jaurlaritzak Ordezkaritza horietarako -esate baterako 14,1 milioi euro onartu ziren 2009ko aurrekontuetan atzerri politikarako-. Gero, urte osoan egindako lanekin urteroko txostena aurkezteko konpromisoa zuten ordezkaritza horiek. 2005etik hasi eta 2007ra arteko txostenak www.euskadi.net webgunean jasota daude.

Azken urteko txostenean jasotzen denez, lan asko egin zuten Jaurlaritzako gainerako departamentuekin elkarlanean. Toki gehienetan, EAEko ordezkarien bisitez arduratzeaz gain, hitzaldi eta konferentziak antolatu zituzten eta besteek antolatutakoetan parte hartu zuten, informazioa batu zuten, eta bilerak egin zituzten ordezkariekin. Harremanak lantzeari ere garrantzia handia eman zioten urte hartan.

Europa hartu zuten lehentasun, «gure ingurune naturala delako». Hala, Bruselako egoitzak izan zuen lan gehiena, txosten horretan jasotzen denez. Eusko Jaurlaritzako kontseilariek Europako Batasuneko Kontseiluetan izandako parte-hartzea azpimarratu zuten, eta EBko Ministroen Kontseiluan aurreneko aldiz euskara entzun zela nabarmendu zuten. Besteak beste, Gernikako bonbardaketaren LXX. urteurrenarekin lotutako ekintzak antolatu zituzten.

Amerika zen bigarren lehentasuna -bai AEBak, eta bai Hego Amerika- Jaurlaritzako Atzerri Sailarentzat 2007an. New Yorkeko egoitza martxan jartzearekin batera Edgar Rendell Pennsylvaniako gobernadorearen eta John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordearen Euskal Herrirako bisitak antolatu zituztela azpimarratu dute. Hemengo ordezkarien hango bisitak antolatzen ere aritu ziren, adibidez, Argentinan, Txilen eta Mexikon.



Madrilgoa ez da izango«Atzerriko Ordezkaritza»

EAJren esku zegoen Eusko Jaurlaritzaren Atzerriko Ordezkaritzen artean Madrilgo bulegoa zegoen. 2003an sortu zen, «Eusko Jaurlaritzak bere erakundeak Madrilen ordezkatzeko eta euskal errealitatea ezagutarazteko». Atzerri Ordezkaritzen artean zegoen bulego hori, eta Espainia atzerria dela aditzera ematen zuen.

Gai horren inguruan bestelako iritzia du Patxi Lopezen esku dagoen Jaurlaritzak, eta, beraz, Atzerriko Ordezkaritzetatik atera egin dute bulego hori, eta Lehendakaritza Sailaren esku utzi dute. Hemendik aurrera Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin dituen harremanak hobetzera bideratuko dute bulegoa, eta Dimas Sañudoren esku egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.