Politika

Ziarretak jakinarazi du EAk ez dituela EAJren zentsura mozioak babestuko

ETA gaitzetsi ezean, EAE-ANVk ordezkariak dituen erakunde eta udaletxeetan mozioak aurkeztuko dituela iragarri zuen atzo EAJk, erakunde armatuak bere azken agirian "militante sozialista guztien kontra egin duen mehatxua" dela-eta.

2008ko apirilaren 3a
13:17
Entzun
ETAk bere azken agirian "militante sozialista guztien kontra egin duen mehatxua" gaitzetsi ezean, EAE-ANVk ordezkariak dituen erakunde eta udaletxe "guztietan" mozioak aurkeztuko dituela iragarri zuen atzo EAJk, eta gaur Unai Ziarreta EAko lehendakariak Euskadi Irratian esan du herrietako egoerak desberdinak direla eta EAk ez dituela EAJren zentsura mozioak babestuko.



Bere alderdia hasieran Arrasaten (Gipuzkoa) zentsura mozioa babestearen alde egon zela adierazi du Ziarretak -"Arrasatekoa larria izan da [han hil zuen ETAk martxoaren 7an ETAk Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi izandakoa]"-, baina alderdien arteko adostasunik ez zelako izan ez zela azkenean alde azaldu.

Udalen kudeaketa kontuan izan behar da, haren iritziz: "Herri asko ondo gestionatzen dira eta, beraz, gauzak lasaitasunez hartu behar dira, eta erabaki horiek ere lasaitasunez iragarri behar dira eta ez orokorrean". Horretaz gain, ANVk "herritarren botoak" dituela gogoratu du Ziarretak, "eta hori ere kontuan izan behar da".

EAko lehendakariak dio "ulertezina" dela EAJren jokabide aldaketa, "asteartean esan zuelako ez duela babestuko Arrasateko zentsura mozioa. Madrilen PSOErekin edukitzen ari diren elkarrizketen ondorioa izango da".

EAJk, atzo esandakoaren arabera, "ordezkari demokrata bati eskatu ahal zaion gutxieneko etika eta morala ez izateagatik, [ANVko] ordezkari hauen dimisioa eskatuko du", Iñigo Urkullu EBBko presidenteak iragarri zuenez. Horrek emaitza "egokirik" ekarriko ez balu, beste alderdi politikoekin bilduko da "erakunde ekimenak martxan jartzeko, gaitzespen politikotik zentsura moziora", euskal erakundeak "konpromiso etiko eta demokratikotik zuzenduta" daudela bermatzeko.

Joseba Egibar GBBko presidentearekin eta Belen Greaves EBBko idazkariarekin batera agertu zen Urkullu komunikabideen aurrean, EAJk Arrasateko Udalean zentsura mozioa ez babesteko erabakia hartu eta hurrengo egunean. EBBren agiri bat irakurri zuen Urkulluk, non EAE-ANVren kargu politiko eta hautetsiei "gai larri honen inguruan [ETAren azken agiria] adierazpen publikoa, garbia eta berehalakoa egin dezaten" eskaera egin zien. EBBren iritziz, EAE-ANVren "bozeramaile eta jarrera politikoen defendatzaile" izendatu baitu bere burua ETAk agiri horretan.

Atzoko egun osoan zehar PSOEko buruzagiek mezu zuzen eta zorrotzak agertu zituzten jeltzaleek Arrasaten izandako jarreran kontra. Zentsura mozioari ezezkoa emateko EAJren erabakiak "ondorio larriak" izango zituela ohartarazi zuen Jose Antonio Alonso Espainiako Kongresuko PSOEko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.