EAren instituzio politikako buru Unai Ziarretaren ustez, PSEk kalapita sortu du Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuaren aurka, "behar alderdikariengatik". PSE-EEk Uriguenen jarduna gaitzesteko eskaera erregistratu du, eta, horren aurrean, babesa agertu dio Ziarretak Gipuzkoako diputatuari. Iñaki Ostolaza EAren Gipuzkoako koordinatzailearekin batera eginiko prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok Ziarretak, eta azaldu du Uriguen PSE-EErekin, "hein handi batean", adostutako aurrekontuak kudeatzen ari dela aurten; Ziarretaren arabera, sozialistak eguneratuta daude kudeaketa horren nondik norakoen inguruan. "Rafaela Romerok [PSEren bozeramailea Batzar Nagusietan] baloratu egin zuen programak garatzen ari diren modu parte hartzailea", gaineratu du Ziarretak.
EAren instituzio politikako buruaren ustez, "interes politiko zehatzekin" du zerikusia PSE-EEren jokaerak, eta ez foru-programekin; Ziarretak dioenez, "EAJrekin akordioa egiteko bidea egiten ari da" PSE-EE, eta, alde horretatik, "EH Bildutik urruntzeko estrategia" jarri dute martxan sozialistek.
Legegintzaldiaren erdian PSE-EE "hurrengo hauteskundeetara begira" dago jada, ez baitu "inolako garrantzizko erakundetan" gobernatzen. Ildo horretan, itxaroten ari da, EAJrekin Eusko Legebiltzarrean "dagoeneko itxita dagoen" akordio bat antzezteko.
Ziarretak salatu du "guztiak balio duela EH Bilduren aurka Gipuzkoan". Haren ustez, PSE-EEk diputatu baten jarduna gaitzesten du "kudeaketan ustezko atzerapenak" daudelako, eta ekintza hori bera PSNk Nafarroan "CANeko ustelkeria kasuan nahasturikoen aurka egin duena baino gehiago" da. Ziarretak esan duenez, Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiak berak aitortu zuen "ez duela aparteko ondoriorik" Uriguenen jardunaren aurka aurkeztutako gaitzespen eskaerak, eta, beraz, "irabazkin politikoak" lortzea besterik ez du bilatzen PSE-EEk horrekin.