Ziegan hilda aurkitu dute preso bat Langraizko espetxean

Hilabeteko epean Arabako kartzelan hilik topatu duten bigarren emakume presoa da

ERREDAKZIOA GASTEIZ
2008ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urtea hasi berritan, beste preso bat hilda topatu dute Langraizko espetxean (Araba), ziegan. Emakumea zen hildakoa, eta iragan larunbatean aurkitu zuten hilotza. Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak, ordea, atzo arte ez zuen albistearen berri eman. Azaldu zuenez, emakumearen gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik ageri, eta autopsiaren zain daude heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

Emakumeak beste preso batekin partekatzen zuen ziega, iturri horiek adierazi zutenez. Iragan larunbatean, bazkalostean, zenbaketa egiten ari ziren funtzionarioek ziegan topatu zuten emakumea, hilik ordurako. Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak ez du hildakoaren inguruko xehetasun gehiago eman.

Presoen eskubideen alde lan egiten duen Salhaketa elkarteak adierazi duenez, hildako emakumeak denbora gutxi zeraman preso. Hildakoaren senideen intimitaterako eskubidea aipaturik, Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak gertakariaren berri eman ez izana kritikatu du presoen sostengurako elkarteak.

Halaber, Salhaketak gogora ekarri du Arabako espetxean hilabeteko epean hilik aurkitzen duten bigarren presoa dela. Izan ere, iragan abenduaren 23an beste emakume bat hilik aurkitu zuten Langraizko espetxean, ziegan. Espetxeko iturrien arabera, ziegaren barruan maindire batekin urkatuta aurkitu zuten emakumezko presoa. Bere burua hil izana litekeena zela azaldu zuen orduan Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak.

Iaz hiru lagun hilik topatu zituzten Langraizko espetxean, eta azken hiru urtean 15 dira espetxe horretan zendutako presoak. Orotara, zazpi lagun hil ziren iazko urtean Euskal Herriko espetxeetan:hiru Langraizkoan; bi Basaurikoan (Bizkaia); eta bat Iruñekoan eta beste bat Baionakoan.

Salhaketak maiz ohartarazi du egun euskal espetxeek duten arazo larrienetakoa gehiegizko preso kopurua dela. Elkartearen arabera, Langraizen 600 lagunentzako lekua dago, baina egun 750 preso inguru daude bertan espetxeratuta. Gainera, emakumeen egoera kartzeletan beti are okerragoa izaten dela uste du Salhaketak, besteak beste, espetxe gehien-gehienak gizonentzat diseinatuta daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.