Atxiloketa

Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea atxilotu du Frantziako Poliziak, Miarritzen

Orain dela bi asteko operazioan ez zuten atzeman, bila joan arren. Irailaren 24an atxilotutako hamalau lagunak libre utzi zituzten, kargurik gabe. Goieaskoetxea, EHAK auziaren baitan Garzon epailearen aitzinean deklaratzera deitu zuten irailean, baina ez zela azalduko jakinarazi zuen. Lehengo astean komunikabideen aurrean agertu zen.

2008ko urriaren 13a
18:09
Entzun
Frantziako Poliziak Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea atxilotu du gaur goizean, Miarritzen (Lapurdi). Duela bi aste Batasunaren kontrako operazioan ez zuten atzeman hura -ezta Jon Goio ere-, etxera bila joan arren. Gaur, etxetik irteten ari zela atxilotu dute, 12:00ak aldera. Baionako polizia-etxera eraman dute ondoren, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan duenez.

Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur 18:30etik Miarritzen, Clemenceau plazan.

Lehengo astean komunikabideen aurrean agertu ziren Goieaskoetxea eta Goio, Baionan, lagun andana baten babesarekin. EHAK auziaren baitan, Baltasar Garzon epailearen aitzinean deklaratzera deitu zituzten irailean, baina ez zirela azalduko jakinarazi zuten. "Gure engaiamendua hor dago, gure lana gure herrian egiten dugu eta gure jarduera politikoa segituko dugu", adierazi zuen Goieaskoetxeak atzo. "Euroaginduaren arriskua hor dago, baina guk segituko dugu gure lana egiten". Goieaskoetxeak eta Goiok berretsi zuten ez dutela Garzonen aurrean deklaratzeko asmorik.

Irailaren 24ko operazioan Batasuneko Iparraldeko hamalau kide atzeman zituen Poliziak, Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet epaileek aginduta. Polizia iturrien arabera, bi auzi zeuden operazioaren atzean: Kalaka Donibane Garaziko herriko taberna-ren finantziazioari buruzkoa bata, eta Alain Ducasse sukaldariak Bidarrain (Nafarroa Beherea) duen jatetxearen kontrako atentatuei buruzkoa bigarrena.

Xabi Larralde, Giuliano Cavaterra, Frederic Karrikart eta Gwenaelle Morvan Baionan atzeman zituzten, Maider Duhalde eta Jean-François Lefort Lekuinen (Lapurdi), Haritza Galarraga Senperen (Lapurdi), Jokin Etxebarria Urruñan (Lapurdi), Jon Irazola Lekornen (Lapurdi), Jean-Claude Agerre Jutsin (Nafarroa Beherea), Aurore Martin Anhauzen (Nafarroa Beherea), Antton Etxeberri Bunuzen (Nafarroa Beherea), eta Patricia Martinon eta Eñaut Elosegi Aiherran (Nafarroa Beherea).

Aste berean denak libre utzi zituzten, kargutik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.