NBEko bost adituk sinatu dute oharra: Maina Kiaik, era baketsuan elkartzeko askatasuna gainbegiratzeko ordezkariak; David Kayek, adierazpen askatasunari buruzkoak; Ben Emmersonek, terrorismoaren aurkako borrokako giza eskubideen babeserako adituak; François Crepeauk, etorkinen giza eskubideetarako kontalariak; eta Michel Forstek, giza eskubideen aldeko ekintzaileen egoera gainbegiratzeko ordezkari bereziak.
Komunikatuan eskatu diote Espainiako Gobernuari neurriak har ditzala oinarrizko giza eskubideak bermatzeko, nazioarteko oinarriak errespetatuz. "Kezkatzen gaitu gobernuak erreforma honekin azken urteetako manifestazioei erantzun nahi izatea", irakur daiteke komunikatuan.
Bide batez, ohartarazi dute "terrorismoa goraipatzea" edota "zuritzea" aipatzen duten xedapenak "orokorregiak eta zehaztugabeegiak" direla, eta, beraz, terrorismoarekin zerikusirik ez duten ekintzak delitutzat jotzeko erabil daitezkeela. "Lege proiektu honek neurriz kanpo mugatzen ditu oinarrizko askatasunak, besteak beste, adierazpen askatasuna".