Zigor Orbe Sevillano euskal presoa lehen graduan mantentzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzi bereko Espetxe Zaintzako epaileak iaz bigarren gradura pasatzeko eskatu zuen arren, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Zazpi hilabeteetan bigarren aldia da fiskaltzak haren kasuan jarritako helegitea onartu duela Auzitegi Nazionalak. Puerto I espetxean (Andaluzia, Espainia) daukate Orbe, etxetik mila kilometrora.
Ainhoa Barbarin Iurrebaso (Picassent, Herrialde Katalanak; 600 km), Francisco Jose Ramada Estevez (Murtzia I, Espainia; 790 km) eta Asier Rodriguez Lopez (Albolote, Espainia; 840 km) euskal presoei ere gradu «erregresioa» ezarri die Auzitegi Nazionalak, Etxerat-en esanetan.
«Ibilbide juridiko-penitentziarioa egin nahi duten presoak oztopoekin aurkitzen dira behin eta berriz, haien eskubidea den arren», deitoratu du elkarteak. Kasuan-kasuan, kartzelako tratamendu batzordeak, Espetxe Zaintzako epailea eta Auzitegi Nazionala dira eragozpenak jartzen dituztenak, salatu duenez.
Etxerat-ek dio Zigor Orberi bigarren gradua ukatu dioten erabakian magistratu baten botoa aipatu beharra dagoela, erabakiarekin desadostasuna adierazi duelako. «Gogorarazi du Hamazazpi urteko kondenatik hamabitan erregimen itxian egon dela, eta lehen graduan bizi normala egitea ezinezkoa dela. Presoen eskubideak mugatzen dituen kontraesana dela dio, konpondu beharrekoa«. Euskal presoak ETArekin harremana duela dio autoak, ETA 2018an desegin zen arren. Orbe ez zuten kondenatu erakunde armatuko izateagatik, ezta kolaborazioagatik ere.