Espetxe zigorra bete ostean Santi Arrospide eta Alberto Plazaola aske utzi zituzten Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren lehen ataleko epaileek babes helegitea aurkeztu diote Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi CGPJri. Izan ere, uste dute adierazpen askatasunaren muga gainditzen dutela eurek ebatzitako erabakien gainean Espainiako Gobernuari hainbat kidek esandakoek: "Delituak egoztea da adierazpen askatasunaren muga".
Epaileen aburuz, hainbat agintarik joan den abenduaren 4an hartu zuten erabakiaren gainean eginiko adierazpenek ondokoa iradokitzen zuten: "Epaitegi batek erabaki injustuak hartzen zituela beren borondatearen alde eta legetik at. Hori prebarikazioa egoztea da".
Behin eta berriz halako salaketak egiteak euren independentzia urratzen duela diote, "Konstituzioari eta legeari soilik kasu eginda lan egiteko behar-beharrezkoa" dena. Eta nabarmendu dute botereen arteko banaketari kalte egin diezaioketela.
Kritika gogorrak epaileei
Auzitegi Nazionaleko epaileek salatu egin dituzte Soraya Saez de Santamaria gobernuaren bozeramaileak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Rafael Hernando PPren Kongresuko eledunak eginiko adierazpenak.
Saez de Santamariak ondokoa esan zuen abenduaren 5ean, erabakia hartu eta ondorengo egunean: "Legea oso argia da, eta Zigor Salaren Lehen Atalaren irizpidea ez da bertan sartzen". Fernandez Diazek, bestalde, elkarrizketa batean esan zuen erabakia ez zela "legearen arabera" hartu, "baizik eta erabakia hartu dutenen borondatearen arabera". Hernandok, berriz, esan zuen ez zela ulergarria "terroristen aldeko erabakiak" hartzen zituen atal bat egotea Auzitegi Nazionalean.