34 urte igaro dira Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra desagerrarazi zutela. Ziburun ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta uztailaren 3ko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, urpekari eta guzti. "Zaila da azaltzea zer sentitzen den, zer jasan genuen", esan du Eneko Etxeberria anaiak Nafarroako Parlamentuan.
Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu gisa onartu zuen Naparra kasua azaroan; gizateriaren aurkako delitutzat jo, ez dela iraungi esan, eta gomendioak egin zizkion Espainiako Gobernuari. Aholku horiek aintzat hartzeko eskatu dio Etxeberriak parlamentuari, eta desagertzearen argitzea eskatu dezala. "Joxe Migelen gorpua agertu arte Nafarroako Parlamentuak kasu ireki bat du", adierazi du.
Azaroan, Ezkerraren ekimenez, polizia indarkeriaren eta motibazio politikoko biktimen lege proposamena aurkeztu zuen, eta orain zuzenketak aurkezteko epea dute taldeek. Bigarrenez izan dira presidentetza batzordean lege horren barruan sartzen diren biktimen senideak. 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kide Ramon Contreras eta German Rodriguez anai Fermin Rodriguezek azaldu dute 1978ko sanferminetan bizitakoa; eta Eneko Etxeberria eta Iratxe Urizar abokatua Naparra kasuaz mintzatu dira.
1978ko sanferminetan zezen plazan izandako liskar handien ondoren, Espainiako Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez, Orreaga kalean. Duela 36 urte. Gertaera larria da, Fermin Rodriguez anaiaren iritziz. "Baina are larriagoa da zigorgabetasuna. Inork ez dit esan zeinek egin zuen tiro, zeinek agindu zuen edota zergatik egin zuten", azaldu du. Epaiturik ez dela egon gogorarazi du, ez dela kondenarik egon: "Nire anaia ez dute Estatuko aparatuen biktimatzat aitortu". Egia eta justizia eskatu ditu parlamentuan.