MARTXOAK 3

"Zigorgabetasunaren" aurkako jardunaldiak gaur, Gasteizen

Ostegunean 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituenetik.

Poliziak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituen bost langileei omenaldia, iaz. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 29a
06:45
Entzun

Arabako hiriburuan egingo dituzte topaketak, 1976ko martxoaren 3ko gertaerak oroitu eta Espainiako "zigorgabetasuna" salatzeko. Gaur-biharretan izango dira nazioarteko topaketak, Artium museoan. Lehen aldiz, erakunde publiko askok parte hartuko dute martxoaren 3ko gertakarien omenezko ekitaldi batean: Europako Parlamentuko EAJ eta EH Bildu taldeek, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak babestu egin dituzte jardunaldiak.

Hiru arlo jorratuko dituzte topaketetan: egia, zigorgabetasuna eta ordaina. Bi egunetan, hogeita hamar pertsona entzutetsu baino gehiago izango dira Gasteizen mahai inguru eta eztabaidetan: besteak beste, Ricard Vinyes Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna; Jone Goirizelaia abokatua; Aitzol Azpiroz, Agurtzane Juanena, Pili Zabala eta Andoni Txasko biktimak; Carlos Slepoy gizateriaren aurkako krimenetan abokatu aditua; Fabian Omar Salvioli Nazio Batuetako Giza Eskubideen Komiteko lehendakaria eta Pablo de Greiff Nazio Batuen Giza Eskubideen Komitearen kontalari berezia. Alderdi politiko guztietako ordezkariek ere esku hartuko dute mahai inguru batean.

Izaskun Bilbaok eta Josu Juaristik jardunaldien aurkezpenean azaldu zutenez, Europako Parlamentuan Memoria Historikoaren alde egiten ari diren lanaren "ispilu" dira jardunaldiak. Zehazki, jardunaldien bitartez, salatu nahi dute "zigorrik gabe" daudela oraindik ere Poliziak duela 40 urte bost langile hil izanaren erantzuleak, eta gogoratu nahi dute "zigorgabetasuna" amaitzea premiazkoa dela, eta lan egiten jarraitu behar dela biktimei "justizia, egia eta ordaina" emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.