Zigorgabetasunez jo eta iraindu zituztela salatu du Jaizkibelek

Herrizaingo Saila eta Hondarribiko Udala kritikatu ditu konpainia parekideak, alardean izan zuten jarreragatik

Arratsaldeko desfilean tentsio uneak, bultzakadak eta kolpeak jasan zituzten Jaizkibeleko kideek. AITOR KALTZAKORTA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean egin zuten desfilean «zigorgabetasun osoz» iraindu eta jo zituztela salatu dute Hondarribiko alarde parekideko kideek. Horren inguruan Herrizaingo Sailak eta Hondarribiko Udalak izan duten jarrera salatu dute. «Aski da. Noiz arte onartu behar dugu hau?», adierazi zuten, atzo, gertatukoa salatzeko egindako agerraldian.

Alarde parekidea inoiz baino jendetsuagoa izan da aurten: 350 gizon-emakumek osatu dute Jaizkibel konpainia. Alde Zaharrean, azken urteetan bezala, plastiko beltzak atera zituzten alarde parekidearen aurkakoek. Goizeko desfilearen ostean, jasotako babesarekin eskertuta egon arren, plastiko beltzekin gertatutakoa salatu zuen Izaskun Larruskainek, Jaizkibel konpainiako kapitainak. «Oso bortitza egiten da plastiko beltz nazkagarri horien artean desfilatu behar izatea». Arratsaldean, egoera are okerragoa izan zela salatu du Jaizkibelek. Plastiko beltzen atzean gordeta zegoen norbaitek emandako bultzakadarengatik hasi zen dena, Jaizkibelen arabera. «Alarde Fundazioak antolatutako ekintza bortitza izan zen».

Tentsio uneak izan zirela azaldu du, eta Ertzaintzak euren aurka egin zuela. Hala, Herrizaingo Sailaren jarrera kritikatu du: «Plastiko beltzik ez zela egongo hitz eman zigutelako eraman genituen haurrak desfilatzera. Gainontzean ez genuen egingo, oso gogorra baita. Baina inoiz baino gehiago egon ziren. Gainera, istiluak haurrak zeuden lekuan gertatu ziren. Haurrak handik ateratzen saiatu ziren gurasoak. Baina babestu beharrean, ertzainek haien aurka egin zuten». Jaizkibeli bereziki larria iruditzen zaio Idoia Mendia Herrizaingo sailburuaren jokabidea. «Berdintasunaren alde urteetan egin dugun lanagatik Emakunde Saria eman zigutenean gurekin egon zen, eta orain hau guztia onartzen du?».

Hondarribiko alkate Aitor Kerejetarekin ere kritiko agertu da. «Sekula ez du salatu Alde Zaharrean gertatzen dena. Ez du sekula salatu plastiko beltzena. Gainera, Alarde Fundazioari baimena ematen dio desfilatzeko eta kalean gure aurka egiteko».

Hortik harago, Jaizkibel konpainia pozik dago larunbatean jasotako babesarekin. «Alde Zaharrean gertatzen dena alde batera utzita, urtetik urtera gero eta gehiago dira gu babestera etortzen diren herritarrak». Hainbat ordezkari sozial eta politiko ere izan ziren Jaizkibel babesten. Bestek beste, han izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Lamarca EAEko arartekoa, eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria. Guztiak pozik zeuden Jaizkibel konpainia sekula baino jendetsuagoa izan delako, baina Alde Zaharrean gertatzen dena amaitzeko beharra nabarmendu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.