Memoria Historikoa

"Zigorgabetasunik gabeko aro bat" espero du Martxoak 3 Elkarteak

Elkarteko kideek egia, justizia eta erreparaziorako "aukera" gisa hartu dituzte Arabako administrazio nagusiek 1976ko martxoaren 3ko gertaerak direla-eta jarri dituzten kereilak.

Martxoak 3 elkarteko kideak, agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Jon Rejado.
2016ko urriaren 20a
12:26
Entzun

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek atzo jarritako kereilek aurrera egitea espero du Martxoak 3 Elkarteak. Hau da, Gasteizko Justizia Auzitegiko epaileak 1976ko martxoaren 3ko gertaerak direla-eta aurkeztutako kereila kriminalak aintzat har ditzala espero du elkarteak. Horren bitartez "zigorgabetasunik gabeko aro bat" hasiko den itxaropena du.

Andoni Txasko eta Nerea Martinez Martxoak 3ko kideek oroitarazi dute gizateriaren aurkako delituek ez dutela preskribatzen. "Hala babestu du nazioarteko legediak". 1976an Zaramagako elizan hasi zen sarraskia gizateriaren kontrako delituen artean kokatu dute kideek.

Gogora ekarri behar da Martxoak 3 Elkartea Argentinako kereilan parte hartzen ari dela, eta, gertakari horietan oinarrituta, Francoren hainbat ministro eta polizia itauntzeko eskatu duela Maria Servini epaileak, Rodolfo Martin Villa eta Alfonso Osorio barne. Ordea, Espainiako Fiskalak hori gertatzea saihestu du.

Azkenik, Txaskok eta Martinezek iragarri dute dute beste hainbat administrazio kereilak jartzekotan direla Espainiako auzitegietan: Euskal Herrian Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Iruñeko Udalak eman dute asmo horren berri; Espainian, bitartean, Zaragoza, Cadiz eta Miranda Ebroko udalek kereila kriminalak hasiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.