2004ko azaroan sarekada prebentiboetan atxilotu zituzten, eta atzo epaitzekoak ziren hamar lagunei urte eta erdiko, bi urteko, eta hiru urte eta lau hileko espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskalak eta defentsak adostuta. Akordioaren ondorioz, epaituek ez dute kartzelara joan behar izango.
Akusatuetako lauri ETAren azpiegitura taldeko kide izatea eta ETArentzat kideak bilatzea egotzi die akusazioak; «erakunde terroristako kide» izatea, alegia. Hamarna urteko kartzela zigorrak eskatuak zituen, hargatik, lauentzat. Horietako biri, Ibon Urrestarazuri eta Alaitz Iturriotzi, hiru urte eta lau hilabeteko espetxe zigorrak ezarri dizkie auzitegiak, akusatuek berek hala onartuta. Fiskalaren esanetan, Ibon Fernandez Iradirekin hainbat aldiz bildu zen bikotea, eta etakideari etxea utzi zioten, ezkuta zedin. 2004ko azaroan atxilotu zituzten, eta hiru urte eta zortzi hilabetez izan zituzten preso biak behin-behinean, badaezpada hartutako neurri gisa. Beraz, auzitegiak ezarritako zigorra baino zigor handiagoa betea dute dagoeneko kartzelan, eta ez dute presondegira itzuli beharko.
ETAko kide izatea egotzi dieten beste biei, Igor Astibiari eta Maider Visori, bina urteko espetxe zigorrak jarri dizkiete. ETArentzat kideak bilatzea egotzi die auzitegiak: Nafarroan kideak bilatzeaz arduratzen zen taldekoa izatea Astibiari, eta Bizkaiko taldekoa izatea Visori. Bi urte izan zituzten preso biak behin-behinean, eta, beraz, kitatua dute zigorra.
Epaituetako beste sei pertsonei urtebete eta sei hileko espetxe zigorrak ezarri dizkie auzitegiak: Patxi Cabo, Iban Medina, Koldo Lekuona, Gustavo Fernandez, Jon Duque eta Margari Eizagirreri, hain zuzen. ETAri laguntza ematea egotzi diete horiei guztiei, hala nola etxea edo autoa etakideren bati uztea, eta erakunde armatuarentzat informazioa biltzea. Fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatua zuen bakoitzarentzat. Auzitegiak ezarritako zigorrak bi urtetik beherakoak izanik, horiek ere ez dute espetxera joan beharko.
Torturaz jositako sarekadak
Pare bat urtean euskal herritarren aurka egin eta atxiloketa prebentibo gisa ezagutu ziren sarekada handietako batean atxilotu zituzten atzo zigortutakoak, 2004ko azaroan, beste zazpi lagunekin batera. Ustez, etakide batzuen etxeetan atzemandako hainbat dokumentu interpretatuta abiatu zituzten sarekada ilun horiek, eta tortura salaketa gogorrak eragin zituzten.
Zigorrak hitzartu dituzte 'sarekada prebentiboetan' atxilotutakoentzat
Ados jarri dira besteak beste ETArentzat kideak bilatzea egotzita 2004an atxilotu zituztenak eta fiskala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu