Hondurasen izan zen emakumea, eta Euskal Herrira itzultzean hasi zen sintomekin. Haurdun dago, baina ez dute ospitalera eraman behar izan. Haurdunetan sortzen ditu zikak arriskurik handienak, gaixotasunak fetuetan eragiten baititu ondoriorik larrienak: mikrozefaliarekin jaiotzen dira usu.
Martxoan eman zuen Osakidetzak atzemandako lehen zika kasuaren berri; Venezuelatik etorritako gizon bati diagnostikatu zioten. Horren ondoren agertu diren beste kasu guztietan ere gaixoek ezaugarri hori bera izan dute: Hego Amerikatik etorri ziren kutsatuta, eta hemen hasi ziren sintomekin.
Lasaitasunerako deia egin du Osakidetzak. Gainera, Osakidetzako buruek adi ibiltzeko ohartarazi diete udan zika zabalduta dagoen herrialderen batera doazen bidaiariei —Hego Amerikan, esaterako, bizkor ari da hedatzen—; aholkatu diete ahalik eta ahalegin handienak egiteko gaixotasuna transmititzen duten eltxoen ziztadak saihesteko.