Zilbetiko harrobia baino lan irtenbide hobeak badirela esan diote gobernuari

Hiru taldek salatu dute «zinikoa» dela Iruñeko gobernua, lanpostuak galarazi eta orain harrobia nahi duelako

SEO/Birdlife taldeko, Erdiz Bizirik plataformako eta Alduide Mendiak Koordinakundeko kideak, atzo. L.F. ARROIABE / ARP.
Ander Perez Argote
Iruñea
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Pirinio inguruan lanpostuak mantentzeko «aurreikuspenik» egin ez, eta orain Zilbetiko (Erroibar) harrobiaren gisako proiektuak bultzatu. Nafarroako Gobernua Pirinio inguruarekin izaten ari den jarrera salatu dute SEO/Birdlife elkarte ekologistak, Erdiz Bizirik plataformak eta Alduide Mendia koordinakundeak. Inguru hori «despopulatzen» ari dela ohartarazi dute, eta horren erantzule egin dute Iruñeko gobernua. «Zinikotzat» jo dute orain harrobia jarri izana lanpostuei eusteko bide gisa. Aterabide hobeak badirela esan diote gobernuari: ingurumena errespetatzen duten proiektuak eskatu dituzte.

Harrobia egiteko lanak hasi berri ditu Magnesitas Navarraenpresak (Magna) Zilbeti inguruan. Hainbat pago bota dituzte beharginek, baita minerala atera ere. Gabon gauean jakinarazi zuten lanean hastekoak zirela.

Inguruko hainbat udalek baiezkoa eman diote proiektuari, lanpostuak ezinbestekoak direla argudiatuta. Xabier Errea Alduide Mendia koordinakundeko kideak gogorarazi du Pirinio inguruan dozenaka lanpostu galdu direla azken urteetan lehen sektorean.Dioenez, Nafarroako Gobernuak ez du lanpostu horiek ordezkatzeko aurreikuspenik egin: «Nafarroako Pirinioak despopulatzen era kontzientean jardun du gobernuak». Areago, salatu dute herritarrek eginiko lan proposamenei uko egin diela gobernuak.

Egoera horretan, harrobia eraikitzearen alde egin du Nafarroako Gobernuak. «Zinismo iraingarria» da Magna enpresarenaren gisako proiektu pribatu bat babestea, Errearen ustez. «Iraunkorra, mailakakoa eta ingurumena errespetatzen duena» izanen den garapenaren alde lan egiteko deia helarazi du Alduide Mendia koordinakundeko kideak.

Harrobiak egitea ez da konponbidea Pirinioetako bailaren garapena bermatzeko, talde bereko kide Angeles Garziak ohartarazi duenez. Harrobia defendatzeko erabiltzen duten argudio bakarra lanpostuena dela gogorarazi du, eta adierazi du proiektu horrek inguruarentzat «oinarrizkoak» diren beste sektoreei eragin diezaiekeela. «Susmagarri» zaio Nafarroako Gobernuaren jarrera, beste proiektu batzuei muzin egin eta orain Magnarena babestu egin duelako.

Azken helburua, Erdiz

Zilbetiko kontzejuko presidenteak Gabon gauean jakinarazi zuenMagna enpresa lanean hasteko erabakia. Zuhaitzak bota dituzte, besteak beste. SEO/Birdlife elkarteko ordezkari Ramon Elosegik dioenez, enpresak ez du baimenik, «nahiz baietz esan». Salatu du harrobiaren proiektuan sartzen den tunela eraiki ahal izateko gobernua derrigorrezko desjabetzeak egiten ari dela. Izan ere, Kintoako Mankomunitatean Baztango Udalak dituen ordezkariek (Bildu) ezezkoa eman diote tunela egiteko lurrak uzteari.

Zilbetiko proiektua agortze bidean dagoen Eugiko harrobiari segida emateko baliatu nahi du Magnak. Horren aurretik, Erdizen (Baztan) aurkeztu zuen enpresak proiektu bat, baina atzera bota zuen, Baztango herritarrek «nekazaritza interesen eta lurraldearen babesaren alde» eginiko mobilizazioen ondorioz. Elosegik dioenez, enpresak berak onartu du Zilbetiko minerala «kalitate txarrekoa» dela baina jardueraren luzapena berma dezakeela material hau Eugikoarekin nahastuz gero. «Erdizen dituen arazoak konpontzeko denbora nahikoa lortu nahi du». Enpresaren azkeneko helburua Erdiz dela salatu du. Inguru hartan meatzea egiteak beste sektoreei kalte egingo liekeela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.