Magnesitas de Navarra enpresak harrobi bat eraiki nahi du Zilbetiko Antzeri mendian, eta Nafarroako Gobernuak onartu egin du hura egiteko Udalez Gaindiko Eraginen Plan Sektoriala (PSIS). «Proiektu honetan Foru Gobernuak zehatz-mehatz bete du legea, eta nahiz eta erabakia ohi baino azkarrago hartu den, prozedura betikoa izan da», adierazi zuen atzo Alberto Catalanek, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.
Harrobia Zilbeti herritik 1,5 kilometrora eraikiko da, Antzeri mendian. Hamabi bat langilek egingo dute lan bertan. Harrobiak 40 urte inguru irautea aurreikusten dute. Harrobiraino iristeko, Zilbetirekin lotura egingo duten hainbat bide eraikiko dituzte, baita 1.217 metroko galeria bat ere. Nafarroako Gobernuak, gainera, 350 metro luzeko tunel bat eraikitzeko asmoa du Erroko mendatetik Zilbetiraino doan bidean. Xedea harrobira doazen kamioiak hirigunetik ez igarotzea da.
Aldude Mendiko Koordinakundeak salatu du proiektua publikoari erakusteko epea amaitu aurretik onartu dela PSISa. Elkarteak berak gaur aurkeztuko ditu proiektuaren aurkako 400 helegite.
ELAren ustez, «lehentasuna» da Magnesitas enpresaren jarraipena. Baina harrobiaren ustiatzea «Erroko bailaran bizi diren herritarren eguneroko bizimoduarekin eta ingurumenaren errespetuarekin» bateragarria izatea eskatu diote Magnesitasi. SEO/BirdLife elkarteak helegitea jarriko dio proiektuari.
Zilbetiko harrobia egiteko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala onartu dute
Nafarroako Gobernuak eman dio oniritzia harrobia egiteko planari, eta legea «zehatz» bete dutela dio Catalanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu