Osasuna

Zilbor Hesteko Odol Bankua sortu dute EAEn

Zilbor Hesteko Odol Bankuko odol emateak borondatezkoak izango dira, eta hezur muinen transplanteetara bideratuko dira bereziki. Donostia Ospitaletik jaso dute orain arte odola, baina aurrerantzean beste erietxe batzuren laguntza jasotzea aurreikusten dute.

2008ko urriaren 31
18:18
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun departamentuak gaur aurkeztu du Bilbon EAEko lehen Zilbor Hesteko Odol Bankua. Bertan bilduko diren odol emateak borondatezkoak izango dira eta, era berean, anonimoak eta altruistak izango dira. Odol hori nagusiki hezur muinen transplanteetara bideratuko da; egokia izango da, esaterako, leuzimia kasuak sendatzeko. Gaixoak, ondorioz, aukera berri bat izango du familiako emaileek balio ez dutenean, edo ez denean aurkitzen mundu mailako erregistroan berekin bateragarria izango denik. Hezur muinen transplanteen kasuan arazo nagusia izaten da bateragarritasun eza.

Urrian jarri da martxan Zilbor Hesteko Odol Bankua eta, horretarako, Donostia Ospitalekolaguntza izan du. Abendurako Gurutzetako (Barakaldo), Basurtuko (Bilbo) eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleek bat egitea aurreikusten da.

Munduko edozeinentzat izango da EAEko Zilbor Hesteko Odol Bankuan jasotzen den odola. Emaileak hautatzerakoan kontuan hartuko da infekziodun gaixotasunik ez izatea eta genetika jatorriko gaitxotasunik transmititzeko arriskurik ez egotea. Era berean, erditzeko orduan amaren eta haurraren segurtasuna bermatzea lehenetsiko da.

Osasun kontseilari Gabriel Incanek adierazi duenez, hasteko 300 unitate lortu nahi dituzte urtean eta kopuru hori 3.000 unitatera haztea nahi dute. Beraz, 6.000 erditzetan nahi dute zilbor-hesteko odola jaso.

Munduan urtero milioi bat biztanletik lau-sei gaixok egiten dute zelula horien eskera. Espainiako Estatuan egun lau zilbor-hesteko odol banku publiko daude: Kataluinian, Madrilen, Andaluzian eta Valentzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.