«Harrera esaten duzu, eta jendeak galdetzen dizu: 'Zer da hori? Txernobylgo umeena?'... Eta esan behar duzu: 'Ez, ez. Gipuzkoako haurrak hartzen ditugu harreran». Maite Pagola da solaskidea, Beroa Gipuzkoako harrera sendien elkarteko ordezkaria. «Ezjakintasun handia dago, eta, pixka bat azaltzen hasten zarenean, berehala agertzen da galdera: 'Eta haurra kentzen badizute?'. Esplikatu egin behar da etorkizunean haur hori harrera eman dion familiatik ateratzen baldin bada eta jatorrizko familiarekin bueltatzen bada, horrek esan nahiko duela lana txukun egin dela». Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei laguntzeko sistemetako bat da harrera familiena, baina ez da beti behar bezain ongi ulertzen, eta haur horien gaineko babesa ere ez da ongi sustatzen. Horiek hobetzeko dihardu lanean Beroa elkarteak. Bizipozak, halaber, sendi horien boza goratzen du. Premiak bai baitira: «Haurrentzat zaila da. Askotan, adibidez, ezberdinak sentitzen dira ikasgelako gainerako umeen ondoan».
Izan ere, jatorrizko familiarekin bizi ezin, eta harrera familiara moldatzea ez da beti erraza; jatorrizko familiarekiko loturari eusteko ahalegina ere usu egiten da, baina ez da beti prozesu erraza izaten. Eta, esaterako, eskolan arazoak agertzen dira maiz. «Izan ere, normalean haur horiek eskola aldaketak izan dituzte. Jatorrizko familiarekin, eskola bat; harrera familiarekin, beste bat... Hori prozesua zuzenean gertatu bada: askotan, tartean harrera zentroan ere egon behar izaten dute, eta hor beste ikastetxe bat egoten da». Nahastu egiten dira umeak. «Atera kontuak: eskola aldaketa, lagun aldaketa... Eta, eskolan hasita ere, askotan duda izaten dute: 'Hau zer da, behin betikoa? Edo berriro aldatuko naute?'». Irakasleak egoera horietan maizegi ikusi dituzte Beroan. Haurren bizipenen berri ematen duten «txostenetako edukiek» baldintzatuta: «'Harrera haurra, harrera egoitzako umea...' hori irakurri, eta 'auskalo' esaten da: 'auskalo' horrekin etiketa bat jartzen zaie. Guk beti esaten dugu: 'Txosten bat irakurri aurretik, ezagutu haurra; ezagutu harrera familia...». Txostenetan-eta askotan hitz oso «handiak» daudela ohartarazi du Pagolak, eta zama direla adingabe horientzat. «Enpatia eduki behar da umeekin». Eskola komunitate osoak jabetu behar du, gainera, haurren egoeraz. «Interesgarria da adingabeaz aritzean klaustro guztia egotea; zeren eta ume hori ikasturtez ikasturte aldatzen joango baita. Komunikazioa behar da».
"'Harrera haurra' irakurri, eta 'auskalo', esaten da: 'auskalo' horrekin, etiketa bat jartzen zaie haurrei"
Maite Pagola. Beroa elkarteko ordezkaria
Saihesteko hitzak.
Adingabeentzako zentro bat, artxiboko argazkian. Jon Urbe, Foku
Eskolan zailtasunak izaten dituzte maiz adoptatutako umeek ere, haurtzaro zailetatik baitatoz. Haien premiak gogoan, 2017an gida bat plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hona bertan emandako hainbat orientabide, saihestu behar diren adierazpideen inguruan:
Benetako aita/ama. Hobe da jaiotzetiko aita/ama edo aita/ama biologikoak esatea. Hona horren alde gidak dakarren argudioa: «Ba al dago irudizko gurasorik? Adopziozko gurasoak guraso biologikoak bezain errealak dira».
Aita/ama naturala edo seme /alaba naturala. Horien ordez, hona proposamenak. Gurasoei esateko: aita/ama biologikoa edo erditu zen emakumea. Umeez aritzean: jaiotzetiko semea edo alaba edo seme edo alaba biologikoa. Hain justu, naturala hitza erabiltzearen arriskuaz ohartarazten da: «Ba al dago seme-alaba artifizialik?». Era berean, norberaren semea edo alaba eta seme edo alabaez-legitimoa eta tankerako hitzak saihesteko esaten da. Ama ezkongabea ere saihestu beharrekoen zerrendan sartu dute, esamoldeak atzean duen «judizio moralarengatik».
Abandonatu egin zintuzten. Halakoen ordez, hobe bestelakoak erabiltzea: adopzioan eman zintuzten, familia bat bilatu zuten zu hazteko...
Adopzioa atzerrian. Egokiagoa da nazioarteko adopzioa edo herrialdeen arteko adopzioa erabiltzea. «Atzerritar hitzak konnotazio negatiboak izan ditzake», azaldu dute.
Nekez egoki daitekeen haurra. Baztertu egin behar dira, betiere, horrelakoak. Ezaugarri eta premia bereziak dituen haurra dela esatea askoz ere hautu hobea da. Haurraren «autoestimurako» egokiagoa dela gogorarazi dute.
Adoptatua da. Horren ordez, erabili honako hau: adoptatu egin zuten. «Izan ere, une jakin batean adoptatu zuten, orain familia bateko kidea da».
Pagolaren arabera, eskolako gurasoei ere azaldu behar zaie zer den harrera, eta ongi ulertu behar dute zer prozeduratan dagoen adingabe hori. «Izan ere, badoa ume bat etxera, eta esaten du haur berri bat hasi dela eskolan. Gurasoen erantzunak zenbaitetan egokiak dira, baina beste zenbait kasutan, ez; halakoak kaltegarriak dira». Haur eta nerabe horien bizipenen gaineko konfidentzialtasuna ere irmo defendatzen dute elkartean, eta halaxe adierazten diete harrera gurasoei. «Ume horien bizi istorioarekin tentuz ibili behar da. Eskolako lehen bileran ez duzu hasi behar kontatzen: 'Ume honek pairatu du hau, eta hau, eta hau...'. Ez du inporta! Zoritxarrez, askotan konfidentzialtasun hori airean geratzen da». Horiek guztiak landuta ere, arazoak izaten dira usu eskolan hainbatetan, esaterako familiaren gaia lantzean: «Guri gertatu izan zaigu, zer eta irakasleek haurrei ekografia bat eskatzea! Zenbait harrera familia blokeatuta geratu izan dira halakoetan». Halakoak saihesteko eskatzen dute: «Traba asko badaude lehendik ere; ez gehitu».
Helduarora
18 urte betetzean, jatorrizko familiako arazoak aurretik konpondu ez badira, harrera familian jarraitzen dute harreran hartutako gazte gehienek: esperientzia onak izaten dira gehienetan. Harremana ona ez bada, emantzipaziorako zerbitzuetara jotzeko era izaten dute, eta egoera «kalteberan» egoten dira halakoetan usu. Izan ere, gainerako gazteek ez bezalako zama izaten dute heldu bihurtzeko: 21-22 urterako, beren kabuz moldatzeko gai izan behar dute. «Azeleratu egin behar izaten dute prozesua. Presioa da».
Egoera kalteberan dauden gazteak hizpide, Bizipozak ehundutako elkarteen konstelaziotik kanpo egonda ere, oroitu behar dira familiarik gabe migratzen duten nerabeak ere. Maiz jardun du haiekin lanean Loira Manzanik, Gipuzkoako SOS Arrazakerian. Egungo babes sistema eta legeak oinarri, deitoratu du nerabe horietako asko «kale gorrian» egotera behartuta daudela. «Babes sistematik kanpo geratzen dira. Sarri, ahantzi egiten zaigu adingabeak direla, eta kriminalizatu egiten dira: ez dira bertako adingabeak bezala tratatzen. Migratzaile izaera gailentzen da, adingabe izaeraren gainetik». Egoera zailetan egoten dira gehienak 18 urte bete berritan. Emantzipazio zerbitzuak «gainezka» daude, eta «babesik gabe» geratzen dira usu une horretan. «Eta, esaterako, gara ezazu ikasketa prozesu bat kale gorrian».
Miguel Igea eta Idoia Altamira, haurrekin, jolas parke batean. Jon Urbe, Foku
"Porrot egin behar dute laguntza jasotzeko?"
Harrera guraso bi dira Idoia Altamira eta Miguel Igea. Ez da lan erraza. Besteak beste, malguago nahi lukete eskola: adingabe horiek maiz beren haurtzaro hautsien ondorioz dakartzaten premiei egokitzeko prest.
Idoia Altamirak aspaldi hazi zituen seme-alaba biologikoak, eta orain dela urte batzuk kide berri bat hartu zuten sendian: harreran hartu zuten orain 11 urte dituen mutiko bat. Jatorrizko familiak zaindu ezin, eta harrera etxebizitza batean zegoela hartu zuten, haur gehienek duten babes egoerarekin zerikusi urria duen ingurumari batetik. Eta ez da erraza. «Arazorik handienak eskolan ditugu. Haurraren garapena ez dator bat bere adin kronologikoarekin, baina hori ez dute aintzakotzat hartzen eskolan. Eta nekagarriena zera da: ikasturtez ikasturte istorio bera kontatu behar diedala irakasleei. Koordinazio falta ikusten duzu hor; talde batetik bestera ez dute informazioa pasatzen. Urtero, solasean hasi, eta adierazi behar dut: 'Aizue, baina badakizue haurrak balorazio bat egina duela bere garapenaren inguruan?'». Miguel Igeak eta emazteak ere harreran hartua dute ume bat: neska bat, Altamiraren harrera semearen arreba. «Zazpi hilabete zituenetik dago gurekin; orain 8 urte ditu». Eskolan nahi baino motelago antzeman izan ohi dute alaba haiek ere, baina eskola, zurrun: «Haren irakasleak esan zidan ikasle guztiekin eskakizun maila bera izan behar zuela: guzti-guztiekin. Ez zidan zirrikiturik utzi».
"'Harrera umea zure etxean dago'. Gezurra da hori; zure etxean dago, eta bisitetan, eta beste toki askotan"
Idoia Altamira. Harrera gurasoa
Haurrok babesgabetasun egoerak pairatutakoak direla gogorarazi dute gurasook, sarri emozioak dantzan izaten dituztela jatorrizko sendiarekiko loturari eusteko ahaleginetan —maiztasun jakin batekin bisitak izaten dituzte kasu gehienetan—, eta aparteko arta behar dutela. «Baina ikastetxeetan ez dago protokolo bat ikasleoi laguntzeko», azaldu du Igeak. «Larriena zera da: umeok aparteko laguntzaren bat jasotzea nahi bada, ikasturtea errepikatu behar dutela. Porrot egin behar dute laguntza jasotzeko? Prebentzioaz hitz egiten da horrenbeste, eta gero haurrekin atzeraka ari gara? Ez sinestekoa da», deitoratu du Altamirak. «Familiontzat etsigarria da».
Haurrok bizi behar dituzten egoera askoren zailtasun apartekoaz jabetzeko eskea egiten dute gurasook. «Esaten da: 'Harrera umea zure etxean dago'. Gezurra da hori; zure etxean dago, eta bisitetan, eta beste toki askotan». Eta emozioak bor-bor dituzte. Asteartetan ama biologikoarekin bisitak izaten ditu, esaterako, Altamiraren semeak, eta aztoratuta ikusten du sarri halakoen ostean eta aurretik. «Eta, noski, nik gero mezu elektronikoak jasotzen ditut eskolatik. 'Haurra gaizki portatu da'. Jakina, nik badakit bezperan zer gertatu den. Baina gauza horiek ez dira aintzat hartzen». Eta eskolako zailtasunek oraindik gehiago astuntzen dute emozio ilun horien karga.
Umeentzat mesedegarria delakoan, Altamiraren eta Igearen familiek badute noizbehinka elkartzeko joera. «Era horretan, elkarrekin egoteko modua dute anai-arrebek. Gainera, behin handituta, ez dakigu zer erabaki hartuko duten; gurekin jarraitu, jatorrizko sendiarengana jo... Elkarren berri izateko era izatea garrantzitsua da», adierazi du Altamirak. «Gainera, biziki maite dute elkar».
Beroa elkarteko kide dira bi familiak; babesa jasotzen dute bertan. Badituzte dudak. Esaterako, ez dakite nola eutsiko dieten gaur egun ama biologikoarekin egoteko astean behin egiten dituzten bisitei; izan ere, handitu ahala, umeen ardurek eta eginkizunek gero eta denbora gehiago eskatzen dute. «Eskolaz kanpoko jarduerak, azterketak eta antzekoak ugarituz doazen heinean, ez dakit nola egingo dugun», azaldu du Igearen emazteak —ez du izenik eman nahi—. Indartu ere egiten dira Beroan, harrera familien inguruan dagoen ezjakintasunaren ondorioz usu entzun behar izaten dituztenei erantzuteko. «Izan ere, hori da jendearen tema esateko umeak gure abizenak hartu behar dituela eta adoptatu egin behar dugula. Jende askok ez daki zer den harrera», adierazi du Igearen emazteak. Eske bat ere badu, lana eta familia bateratzeko zailtasunekin lotua: «Denbora asko eskatzen dute umeok. Aukera izan behar genuke Gizarte Segurantzan kotizatzeko modua ematen duten eszedentziak eta murrizketak eskatzeko».