Nikolas Provost belgikarraren Tokyo Giants film laburrak jaso du Bilboko Zinebi 55. jaialdiko sari nagusia. Ez dute dudarik egin haren alde egiterakoan. Hiltzaile bat, bortxatzaile bat, Yakuza bat eta gizon kultu bat bildu ditu Provostek Tokioko kaleetan, eta istoriook gurutzatzeko moduak harrapatu du epaimahaia. Guztira, 67 film aritu dira lehian.
Gainontzeko sarituekin, ordea, oso iritzi ezberdinak izan dituztela aitortu dute. Epaimahaikideek jaialdiari buruz egindako balorazioa gazi gozoa izan da, haien ustez egitarauak ez baitu maila eman. “Arlo honetan arriskatu egin behar da”. Horren falta sumatu dute. Film “oso onak”, egon dira, baina gutxi dira.
Borja Cobeagaren Democracia eta Alberto Vazquezen Sangre de Unicornio lanek lortu dute Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Espainiako Zinemaren saria Gerardo Carrerasen Souvenir filmak eskuratu du, eta Monica Lairana argentinarraren Maria -k eraman du Latinoamerikako Pelikula Onenaren Saria. Aurtengo lehiaketan lehen aldiz euskaraz egindako film onena ere saritu dute: Asier Urbietaren Arconada.
Jaialdiaren epaimahaia bost kidek osatu dute: Pernille Rose Gronkjaer dokumentalgile daniarra, Salome Lamas zinemagile portugaldarra, Oliver Laxe zinemagilea, Itziar Okariz artista eta Marcela Zamora Chamorro kazetari eta zinemagile nikaraguarra.
Gaur egingo da Zinebiren amaiera ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian. Sariak banatzeaz gain, saritutako lanak erakutsiko dituzte. Bihar emanaldiak errepikatuko dituzte 18:00etatik aurrera.