"Osasunak plan ekonomiko serio bat aurkeztu zigun, eta guk onartu egin genuen Parlamentuan, uste baitugu Osasunari laguntza eman behar zaiola. Finean, Osasuna benetan maite dugunak UPN, PSN eta PP garelako". Yolanda Barcina presidenteak iragan azaroan egin zituen adierazpen horiek Television Española kate publikoan, talde gorritxoa ekonomikoki erreskatatzeko legea onartu ostean. Esaldi horrekin, agerian gelditu zen, Barcinarentzat, alderdi politikoak bi multzotan sailkatuak daudela: alde batean leudeke Osasuna maite dutenak; bestean, maitasunik ez diotenak.
Maitasun hori, ordea, polemika mikatz baten erdigunean dago orain, Osasuna auziko inputatu batzuek adierazi baitute Nafarroako Ogasunak bazuela klubeko agintariek egindako negozio ilunen berri. Deklarazio horiek ekaitzaren begian jarri dituzte UPNren gobernuko zenbait kargudun. Izan ere, Osasunarena ez da futbol talde baten barruan gertatutako ustelkeria kasu hutsa. Erpin anitzeko eskandalua da, eta hainbat faktore nahasten dira bertan.
ZER DA 'OSASUNA AUZIA'?
Bi hari nagusik osatzen dute Osasunaren inguruan sortutako mataza iluna: batetik, Iruñeko 2. instrukzio epaitegian ikertzen ari diren ustelkeria kasua (horri deitzen zaio Osasuna auzia); eta bestetik, auzi ekonomikoa edo zorrari dagokiona.
Osasuna auziak klubaren egungo zuzendaritzak eginiko salaketa du abiapuntu. Horren arabera, 2,4 milioi euro atera ziren Osasunaren kontuetatik azken bi denboraldietan, eta ez dago horien arrastorik ez justifikaziorik. Fermin Otamendi epailearen ustez, berriz, falta den kopurua handiagoa da: 3,7 milioi euro.
Angel Bizkai 24 urtez Osasunaren kudeatzaile izandakoak LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zion 1,6 milioi euro erabili zirela sei partidatako emaitzak "erosteko". Ordainketak, ustez, bi higiezin kudeatzaileri zein Portugalgo Madeira uharteko Flefield sozietateari egindako fakturen bidez ezkutatu ziren. Baina delitu hori konfirmatuko balitz ere, diru asko galdu da bidean. Zehazki, 800.000 eta 2,1 milioi euro artean. Dirutza hori noren poltsikoan dagoen ikertzen ari da epailea orain.
ERANTZULEAK
Otamendi epaileak Patxi Izkoren eta Miguel Artxankoren zuzendaritzetako kideak jo ditu Osasuna auzia-ren erantzule nagusitzat, eta dagoeneko 12 pertsona inputatu ditu. Behin-behineko espetxealdia ezarri zien Artxanko presidente ohiari eta Txuma Peralta kudeatzaile ohiari —iragan den asteartean atera zen Artxanko kartzelatik, 500.000 euroren bermea ordainduta—. Horiez gainera, Osasunako beste hainbat kargudun ohi inputatu ditu epaileak: Izko, Bizkai, Jose Manuel Purroy, Juan Pascual, Diego Makirriain...
Erantzukizun zuzenaz harago, prozesu judizial honek agerian utzi du zeharkako erantzukizuna ere izan zutela beste hainbat erakunde eta kargudun publikok. Hala, Izkok eta Bizkaik epailearen aurrean azaldu zutenez, Nafarroako Ogasunak bazuen jarduera irregular horien berri, eta "beste aldera begiratu zuten".
Zehazki, Izkok adierazi zuenez, Ogasunak ikuskapen akta bat hasi zuen, klubak 500 euroko billeteekin egindako 300.000 euroko diru mugimendu batengatik, baina "kontseilari batek" espedientea geldiaraztea lortu zuen. Aurretik, Bizkaik esan zuen "Ogasun Departamentuko zerga-ikuskatzaile bat" ere jakinaren gainean zegoela eta operazio ilunak justifikatzeko laguntza eman ziola.
Ustelkeriaren lohiarekin zikintzeko arriskua ikusita, Nafarroako Gobernuak nahiago izan du ezjakinarena egin: "Ez dut horren gaineko informaziorik" esan du Lurdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, bere departamentuaren inplikazioaz galdetu diotenean. Yolanda Barcinak, berriz, erantzukizun oro saihestu du, pilota Miguel Sanzen teilatuan utzita: "Nik dakidana esan dezaket, eta gobernu honek egiten duenaren erantzule naiz bakarrik". Iragan astean, Patxi Izkok eta Miguel Sanzek elkarrekin bazkaldu zuten Iruñean, baina Sanzen esanetan, "kasualitate hutsa" izan zen.
ZORRAREN AUZIA
Zalaparta mediatiko txikiagoa sortu du Osasunaren zorrari lotutako polemikak, baina desagertutako diru kopuruari eta dimentsio politikoari erreparatuta, ustezko iruzurren auzia baino larriagoa izan daiteke.
Izan ere, 2002. urtean Patxi Izko Osasunako presidentetzara iritsi zenean, talde gorritxoaren zorra 19,88 milioi eurorena zen. Iaz, berriz, horren laukoitza: 80 milioitik gorakoa. Bitarte horretan, Osasunak bere historiako kirol emaitza onenak eta lorpen handienak erdietsi zituen.
INSTITUZIOEN ARDURA
Zorraren pilatze neurrigabea ezin uler daiteke, Nafarroako Gobernuaren, legebiltzarraren eta Nafarroako Kutxaren inplikazioa aintzat hartu gabe: CANek hipoteka mailegua eman zion Osasunari 2003an, zorra berriro finantzatzeko. Urte horretan, parlamentuak foru lege bat babestu zuen, klubak zorrari erantzuten ez bazion gobernuak zorraren bermea aurkez zezan. Lege hark Ekonomia Departamentuari baimena ematen zion Osasunaren finantza operazioak zorrotz ikuskatzeko, baina gobernuak ez du inoiz halakorik egin, zorra etengabe pilatu baita ordutik. Iazko udazkenean jakin zen klubaren zorra 80 milioi euro zela eta, horietatik, 53 milioi zor zizkiola Ogasunari.
Azaroaren 27an, erreskate legea onartu zuten UPNk, PSNk eta PPk parlamentuan, bideragarritasun plan bat edo kontuen ikuskatzea exijitu gabe. Ordaintzeko baldintzak leundu zizkioten Osasunari, eta zorraren zati handienaren ordainean zenbait instalazio ematea (Sadar eta Taxoare) adostu zuten.