Urteroko bisita egin du zirkuak Basurtuko ospitalera. Oihana Pascual txupinerak 12:00etan bota duen txupinarekin hasi da pailazo, trapezista eta enparauek Aste Nagusian egiten duten ikuskizunik bereziena. "Jaiak larunbatean hasi ziren eta ordutik Bilbo osora zabaldu ziren. Baina gaur fisikoki iritsi dira ospitalera", azaldu du Pascualek. Bederatzi egun hauetako ekitaldien artean hunkigarrienetako bat dela aitortu du.
Ez dira asko ospitalean dauden umeak. Aurten Basurtutik igaro behar izan duten guztiak eta langileen seme-alabak ere gonbidatu dituzte. Pediatria Saileko medikuen arabera, eritasuna eta ohean egon beharra ahazten laguntzen die bisitak.