Datozen bi igandeetan egingo dituzte Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta horiek aztergai izan dituzte euskal hedabideek, elkarlanean eginiko saio batean.
Kazetarien hausnarketak eta hautagaiekin egindako elkarrizketak uztartu dituzte saioan. Hautagaiek mintzagai izan dituzte bake prozesua, politikaren berritzea, proposamen ekonomikoak eta euskara, besteak beste.
Esaterako, Colette Capdevielle Alderdi Sozialistako hautagaiak bere esparrua defendatu du: "Macron eta Melenchon artean, espazio politiko oso bat dago". Jeremy Farge Frantzia Intsumisoko hautagaiak azpimarratu du abstentzioaren aldekoak ez direla "politikaz ezer jakin nahi ez dutenak", eta "proiektu sozial eta ekologiko bat" proposatu du.
Peio Etxeberri-Aintzart EH Baiko hautagaiak, berriz, azaldu du "desadostasun sakonak" dituela koalizioak ezkerreko beste alderdi batzuekin, eta EH Bai "oposizioan" kokatu du. Ekhi Erremundegi Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariak ere "sekulako barreiatzea" ikusten du ezkerrean, eta Goizeder Taberna Kazeta.eus-eko kazetariak hauteskunde sistemari erreparatu dio: "Sistemak egiten du boterea gutxiren artean partekatzea".
Bestalde, Europe Ecologie taldeko Sophie Bussierek garrantzia eman dio presoen afera konpontzeari, eta "salbuespen egoera" amaitzera deitu du. Jojo Bidart Euskal Irratietako kazetariak ere bakegintza izan du hizpide: "Presoen aferan, hiruzpalau hautagai badira urrunago joateko prest". Euskararen alorrean, berriz, uste du Hizkuntza Gutxituen Karta berresteaz harago joan beharra dagoela, eta "estatutu egonkor bat" proposatu du hizkuntza gutxituentzat. Atal horetan, Pepe Aizpuru Euskal Irratietako kazetariak uste du diputatugaien erantzunak "nahikoa neutroak" direla.
Bigarren itzulirako adostasunei erreparatuta, Ion Ansak uste du aliantzak "inplizituak" izango direla indar politikoen artean.