Defentsak 'Gara.net'-i adierazi dionez, oraindik epailearen autoa ez dute jaso, eta bermeak ordaintzeko zain zeuden. Nolanahi ere, Arkotxa, Aranburu, Esnaola eta Etxezaharreta arratsaldean libre izango direla espero dute.
Iazko apirilaren amaieran ezker abertzalearen inguruko Udalbiltzaren kontrako operazioa jarri zuen abian Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Lehen kolpean, zortzi lagun atxilotu zituzten, eta Astigarraga (Gipuzkoa), Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko egoitzak itxi zituzten Espainiako poliziek.
Loren Arkotxa Ondarroako (Bizkaia) alkate zena, Miren Josu Aranburu Urretxuko (Gipuzkoa) zinegotzia eta Imanol Esnaola Lezokoa (Gipuzkoa), maiatzaren 23an joan ziren deklaratzera Auzitegi Nazionalera Garzonek deituta. Hirurak baldintzagabe espetxeratzeko agindu zuen, "ihes egiteko arriskua" zegoela argudiatuta. Xarlo Etxezaharreta Hazparnekoa (Lapurdi), berriz, irailean atxilotu zuten Abadiñon (Bizkaia) ekitaldi internazionalista batean parte hartu ostean.
Fiskalak 30.000na euroko bermea ezarri die Arkotxa, Aranburu eta Esnaolari, eta 60.000koa Etxezaharretari.
Udalbiltzaren aurkako operazioa
Ziurrenera, arratsaldean geratuko dira aske Arkotxa, Aranburu eta Esnaola: Etxezaharreta, berriz, bihar aterako da
Udalbitzaren kontrako auzia dela-eta espetxean dauden Loren Arkotxa, Miren Josu Aranburu, Imanol Esnaola ziurrenera, gaur arratsaldean geratuko dira aske. Hala jakinarazi diete defentsako abokatuek 'Gara.net'-i. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak lau lagun horiek bermepean aske uzteko eskatu zuen atzo, eta epailearen autoa jaso ostean, bermea ordaindu, eta arratsaldean aske izango direla espero dute abokatuek. Xarlo Etxezaharreta, berriz, ziurrenik bihar aterako da. Izan ere, hainbat arazo izan dituzte fidantzaren ordainketarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu