Hezkuntza

Ziurtatu dute Euneiz unibertsitate pribatuak ez duela diru laguntza publikorik jasoko

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin dute Gasteizen ireki nahi duten unibertsitate pribatuaren sustatzaileek. EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak ohartarazi dute irabazi asmokoa dela.

LABen izenean Gabriel Elkroaristizabal karpenak egiten, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 17a
15:35
Entzun

Gasteizen ireki nahi duten Euneiz unibertsitate pribatuak beste urrats bat egin du: Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean amaitu dituzte hura unibertsitate pribatu gisa onartzeko lege proiektuari ekarpenak egiteko agerraldiak. Gaur horretarako aukera izan dute haren sustatzaile Eusteiz 2018 S.A. enpresak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta LAB sindikatuak. Unibertsitatearen sustatzaileek azpimarratu dute ez dutela diru laguntza publikorik jasoko; gainerako eragileek, ordea, ohartarazpen bat egin dute: Euneiz irabazi asmoko unibertsitatea izango da.

Argi adina ilun izan ditu orain arteko prozesuak; besteak beste, EHUren eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak txosten bana egin baitzuten Euneizen aurka. Gaur, hainbat argibide eman dituzte haren sustatzaileek. Orotara, kirolari eta eduki digitalen diseinuari, garapenari eta merkaturatzeari lotutako bost gradu, gradu bikoitz bat eta lau master eskaini nahi dituzte. Ikasketa horiek Gasteizen bost urterako alokatu duten Salburuko eraikin batean eta Baskoniaren eta Alavesen kirol hirian finkatzeko asmoa dute gero. Jordi Roche izango da unibertsitateko presidentea, eta hark eman ditu azalpenak Eusko Legebiltzarrean, Eusteiz S.A. enpresaren izenean. Proiektuak izango duen eragin positiboaz mintzatu da. Langileei dagokienez, ziurtatu du 400 postu baino gehiago sortuko dituztela, lan kontratua zuzenean egingo dietela, ez dituztela azpikontratatuko, eta gehienak mugagabeak izango direla. Oraindik ez dira hasi horiek aukeratzen, baina, Rocheren arabera, pentsatua dute zein izan daitezkeen.

Ikerketaren alorrean izan ditzakeen gabeziez kezka adierazi dute Eusko Legebiltzarreko hainbat alderdi politikok eta agerraldiak egin dituzten eragilek; Rochek, ordea, azpimarratu du diru sarrera guztien %4 bideratuko dutela alor horretara. Aztertu dituzte izan ditzaketen diru sarrerak ere: ikasleek 8.000 euro ordaindu beharko dituzte batez beste. Diru laguntza publikorik, berriz, ez dute jasoko, Rocheren esanetan. Ikasleentzat bekak egongo direla azpimarratu dute.

Euskararekiko «konpromisoa» dutela ere nabarmendu du Rochek. Ikasleek euskaraz ikasteko aukera izango dute, betiere hautu hori gutxienez hamabost lagunek egiten badute.

Irabazi asmoa kezka

EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta LABek unibertsitate pribatu berriaren inguruan dituzten iritziak eta kezkak helarazi dizkiete legebiltzarkideei. Egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diharduten hiru unibertsitateek ohartarazi dute Euneiz irabazi asmoko unibertsitatea izango dela, orain artekoak ez bezala. Halere, desberdintasunak daude batzuen eta besteen iritzien artean. LABek «unibertsitate elitista bat» izatea egotzi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.