Zure ziztada behar dugu. Lea-Artibaiko alkateak

Ziztada, esker onez

Lea-Artibaiko zazpi alkatek BERRIAren lana nabarmendu, eta bat egin dute haren aldeko kanpainarekin

Lekeitioko udaletxean bildu ziren Lea-Artibaiko alkateak Martxelo Otamendirekin, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Lekeitio
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Udal ordezkari eta banako gisa, BERRIAri babesa agertu zioten atzo Lea-Artibaiko (Bizkaia) zazpi alkatek, «euskaraz bizi nahi dugunontzat ezinbesteko tresna delako». Lekeitioko udaletxean batuta, Zure ziztada behar dugu kanpainari atxiki zitzaizkion Markina-Xemein, Aulesti, Berriatu, Ondarroa, Lekeitio, Gizaburuaga eta Mutrikuko alkateak. BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik esker onez hartu zuen haien ekarpena, eta antzeko mezu bat jaso zuen bueltan, Mikel Ansotegi Aulestiko arduradunaren ahotan: «Eskerrak zuoi, nazio mailan zuek informatzen gaituzuelako euskaraz; zuen lan hori azpimarragarria da».

Sektorea krisian «larri» dagoela gogora ekarri zuen Otamendik, eta inguruko hedabide asko ixten ari direla. «Garrantzitsua da herri honentzat euskarazko komunikabideak egotea. Garrantzitsua da etorkizuna bermatzea». Prentsa idatzia, eta tartean BERRIA, trantsizio fasean daudela azaldu zuen, paperetik Interneterako jauzian, sareko jarduera errentagarri bihurtu nahian: «Bitartean, jendearen berotasuna eta laguntza izan nahiko genuke, fase horretara sendo heltzeko».

Eta sostengu hori emateko «ahalegina» egingo dute alkateok. Ildo horretan, BERRIA babestea beharrizan bat dela adierazi du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak: «Euskarak behar izan gaituenean beti eduki gaitu ondoan. Iruditzen zait, euskaldun garen neurrian, obligazio bat ere badugula erantzuteko». Erantzun hori hedatuko delako itxaropena agertu du Ansotegik: «Espero dezagun gure ziztadak balio izatea adierazteko zein premiazkoa den BERRIAk eta talde osoak egiten duen beharra».

Lekeitioko alkate Maitane Larraurik esan du komunikazioaz haratago doala BERRIAren egitasmoa: «Euskara gure nortasunaren barruan dagoenez, ezinbestekoa da komunikabide euskaldunak edukitzea maila nazionalean, eta herriz herriko proiektuak garatzen dituztenak».

«Alderdien kolorea alde batera utzita, euskaldun moduan, babesa eman behar zaio, eta ahal den neurrian lagundu», erantsi du Berriatuko Udaleko buru Imanol Mugartegik. Haren ustez, gainera, irakurzaletasuna indartzeko balio behar du: «Gazteek erraztasun handiagoa dute euskaraz irakurtzeko, eta BERRIA da aukera bakarra euskaraz eguneroko albisteak paperean irakurtzeko».

«Informazio independentea»

Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeako Hitza ere badute eskualdean. Argi Ituarte Ondarroako alkateak uste du horren bidezeuskarazko prentsa irakurtzeko ohitura zabaldu dela, albiste hurbilagoak eskainiz ere. Hortaz, argi du udalek eta herritarrek laguntza eman behar diotela BERRIAri: «Herrian euskaraz bizi gara, eta ezinbestekotzat jotzen dugu euskarazko prentsa edukitzea».

Baina, hizkuntzagatik ez ezik, informazioaren ezaugarriengatik ere jo du beharrezkotzat BERRIA babestea. Ituartek gogorarazi du 2007ko udal hauteskundeen ondotik Ondarroan izandako egoera politikoari buruzko «bestelako tratamendu bat» eman zuela: «Gure apustua euskarazko informazioaren aldekoa da. Informazio independentea eta osatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.