Orain dela astebete zigortu zuten 900 euroko isuna ordaintzera San Martin; zortzi hilabeterako kendu diote gida baimena. Horren berri, ordea, duela hiru egun izan zen, eta atzo bertan eman zuen dimisioa, arrazoi pertsonalak argudiatuta, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez.
UPNkoa da San Martin, eta udalbatzak haren dimisioa onartzen duenean, alkate lanak Jorge Plan alkateordeak hartuko ditu, alkate berria izendatu bitartean. 48 ordu ditu San Martinek udalbatzara deitzeko eta kargua ofizialki uzteko.
Hamar egunetan aukeratu beharko dute alkate berria, eta udalbatza horretan bertan hartuko du kargua. UPNk bost zinegotzi ditu Zizur zendeako udalbatzan. Zizur Zendea talde independenteak bi ordezkari ditu. Erreniega hautes-elkarteak bi, PSNk bat eta NaBaik bat. Diario de Navarra-k gaur argitaratu duenez, oposizioa hautagai bat adostea aztertzen ari da.
Zizur zendeak 3.782 biztanle zituen iaz, eta zortzi herri biltzen ditu: Asterain, Gatzolatz, Larraia, Muru-Asterain, Baternain, Undio, Zarikiegi eta Zizur Txikia.