Zizurkilgo (Gipuzkoa) alkate Maria Angeles Lazkanoren kontra Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako kereila artxibatzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek. Joxe Arregi eta Jose Luis Geresta plazen izenak izendegian mantentzeagatik jarria zuen kereila elkarte horrek.
EAJko Maria Angeles Lazkanok da Zizurkilgo alkatea, aurreko urteetan alkatetza izan zuen ezker abertzaleko zerrendei Espainiako epaileek ez baitzieten iazko udal bozetan lehiatzen utzi.
Orain Ruz epaileak gogorarazi du iragan apirilaren 14an Joxe Arregi plazari eta Jose Luis Geresta plazari izenak aldatzea erabaki zuela Udalak, baita Gerestaren omenezko eskultura kentzea ere. Gutxira kendu zituzten haien omenezko plakak. Alkateak berak aurkeztu zuen mozioa, eta EAJ, EA, PP, PSOE eta EB-Aralarren babesa jaso zuen. Kereila artxibatzeko tenorean, epaileak kontuan izan du joan den astean Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren Osoko Bilkurak erabakitakoa, hots, ETAko kideen izenak dituzten kaleak bere horretan mantentzea, "apologiaren apologia delitua ez" dela argudiatuta.
Zigor Aretoak kaleen izenen gaineko ebazpena jakinarazi zuen egunean bertan Joxe Arregi Izagirrerekin lotutako albistea zabaldu zuten. Hain justu, Arregi hil arte torturatzeagatik zigortu zuten polizietako bat, Juan Antonio Gil Rubiales, ohore ofizial guztiekin ehortzi zuten Kanarietan.
Gil Rubialesek Meritu Polizialaren Zilarrezko Domina eta Ohorezko Zaldun Legionarioaren Domina jaso zituen, eta Estatu hileta egin zioten: hilbeila Gobernuaren Ordezkaritzan, ohorezko guardia, eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak izan zituen azken agurra ematen.
Konpondu gabeko auziak
Arregi 1981eko otsailaren 13an hil zen, torturen ondorioz. Bederatzi egunez inkomunikatuta egon ondoren hil zen, poliziaren esku egondako egunetan jasan zituen torturen eraginez, hain zuzen ere. Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu zuen horregatik Gil Rubiales, baina haren ibilbideari ez zion kalterik ekarri horrek. Donostia, Madril eta Iruñeko polizia etxeetan egon ondotik, Kanariar uharteetara (Afrika) bidali zuten.
Geresta 1999an hilda agertu zen, Errenteriako (Gipuzkoa) larre batean, buruan tiroa zuela. Bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela esan bazuen ere, auzi medikuaren arabera ez zegoen hori frogatzen zuen aztarnarik.
Hala Arregi nola Geresta indarkeriaren biktimak direla aldarrikatu dute haien senideek.
Politika
Zizurkilgo alkatearen kontrako kereila artxibatu du epaileak
Joxe Arregi eta Jose Luis Geresta plazen izenak izendegian mantentzeagatik -horiek aldatzeko erabakia hartu arren- Maria Angeles Lazkanoren aurka Dignidad y Justicia elkarteak jarritako kereila artxibatu du Pablo Ruz epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu