"Beti nahi izan du gehiago. Eta beti egin behar izan dugu borroka gehiago ez emateko». Jesus Belaskorenak dira hitzak, eta Opus Deiri buruz ari da 1970eko hamarkadan Iruñeko alkate izan zena.
Bat egin du harekin Elias Anton zinegotzi ohiak: "Opusen asmoa beti izan da Zizurreraino ailegatzea, Donapeatik pasatuta; ikastetxe publikoak traba egin dio beti".
Iruñeko agintari ohiek testuinguru zabala eman diote Lanbide Heziketako ikastetxearen orubea Nafarroako Unibertsitatearen esku uzteko egitasmoari, eta argi utzi dute oraingo planak Nafarroara ailegatu zenetik Opus Deik izan duen proiektuari egin nahi diola mesede.
"Donapea ikastetxearen egoitza falta zaion lur sailaren gainean dago; eta eskuratu nahi du, beretzat hartu", berretsi du Antonek.
Zinegotzi ohiak, bai eta alkate ohiak ere, Opus Deik hasieratik Nafarroan izan dituen "erraztasunak" nabarmendu dituzte.
Iruñeko bertze zinegotzi ohi batek, Miguel Angel Muezek, liburu batean jaso zuen horren berri, Pamiela argitaletxearen eskutik, 2011. urtean, Universidad del Opus: historia de un expolio (Opusen unibertsitatea: espoliazio baten historia) izenburupean.
Opus, «Eliza baino okerrago»
Espoliazio horri muga jartzen saiatu ziren Anton eta Belasko udaletxetik. Horixe ekarri dute gogora. Baina ez zen hori lan erraza izan, inondik inora ere, alkate ohiak nabarmendu duenez.
"Opusekin topo egin dugu, eta hori Elizarekin topo egitea baino are okerragoa da", erran du Belaskok.
Muezek ere horixe bera errepikatu zuen bere liburuan. "Opusek iruindarren eta nafarren ondareari esker lortu zuen Nafarroako Unibertsitatea herrialde horretako hiriburuan kokatzea".
"Dena eman zioten doan", jarraitzen zuen Muezek liburuan; "guk ez, baina, diru laguntzen bidea bertan behera utzi genuenean, Opus Deik Madrilera jo zuen zuzenean, eta han eman zioten oniritzia".
Antonek argi du pribatuaren eta publikoaren arteko lehia dela Donapea auziko gako nagusia: "Opusek zabaltzen jarraitu nahi du; baina herritarrok publikoaren alde egin behar dugu".