Hautsak harrotu ditu Jose Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak asteazken gauean argitaratutako txioak: "Gaur duela 49 urte, ETAk lehen aldiz hil zuen. Gogoan dugu Jose Pardines guardia zibila, gure demokraziaren martiria #memoria". Sare sozialetako erabiltzaile ugarik erantzun diote Zoidori, kritikatuz demokraziatzat jo izana garai hura.
Hoy hace 49 años que ETA asesinó por primera vez. Recordamos al agente de @guardiacivil José Pardines, mártir de nuestra democracia #memoriapic.twitter.com/LDf1ooJyCk
— Juan Ignacio Zoido (@zoidoJI) 2017(e)ko ekainak 7
Francisco Franco diktadorea hil baino zazpi urte lehenago hil zuten Pardines; haren agintaldian zehar, beraz. 1968ko ekainaren 7an hil zituzten polizia eta Txabi Etxebarrieta: Etxebarrietak Aduna eta Villabona artean guardia zibila hil zuen, eta gero Guardia Zibilak etakidea hil zuen kilometro gutxira, Tolosan —polizia indarrek hil zuten aurreneko etakidea—.
Gainera, Pardines ETAren lehen biktimatzat jota, Zoidok aitortu du Begoña Urroz 1960ean eraso batean hildako haurra ez zuela ETAk hil. Azken urteetan ETAri egotzi izan diote hainbat komunikabide, politikari eta erakunde publikok Begoña Urroz hil zuen 1960ko Donostiako atentatua. Espainiako Kongresuak eta Nafarroako Parlamentuak (UPNren azken agintaldian), besteak beste, Urroz hil zuten egunaren urteurrenean gogoratu zituzten ETAk hildakoak, ekainaren 27an.
2011. urtean, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajean argitu zuen hori garai horretan ETAn izan zen jendearekin, eta Rikardo Arregi sari berezia jaso zuen lan horregatik. Bi urte geroago, Poliziak 1961ean auziaz eginiko txostena desklasifikatu zuen Espainiako Artxibo Historiko Nazionalak, eta, horren arabera, DRIL taldeak Donostiako Amarako geltokian jarri zuen lehergailu batek eztanda egitean hil zen Urroz.