Juan Maria Aburto Bilboko alkateak sare sozialetan zabaldu du beste pertsona bat hil dela maiatzaren 27ko sutearen eraginez. Aburtok "oinazea eta atsekabea" azaldu du, eta elkartasuna adierazi die senide eta lagunei.
Familia bereko lau kide zendu ziren sutean: bi heldu eta euren bi seme-alabak —2 eta 3 urte zituzten—; beste bederatzi lagun ospitaleratu zituzten. Helduetako baten aita eta haurren aitona zegoen zaurituen artean, eta hura da sutea izan eta 11 egunera hildakoa.
Asteartean, Bilboko Hiri Plangintza Saileko zinegotzi Asier Abaunzak esan zuen ez dagoela loturarik kiskalitako eraikinaren egoeraren eta sutearen arrazoien artean.