Polizia operazioa

Zortzi dira Espainiako Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotutakoak

«Talde kriminal bat» osatzea leporatzen diete gazteei, eta Iruñeko epaitegi batek agindu ditu atxiloketak, baina ez dago argi zergatik. Mobilizaziora deitu dute arratsalderako.

Paulo Ostolaza.
2021eko apirilaren 27a
11:37
Entzun

Espainiako Poliziak zortzi gazte atxilotu ditu gaur goizean Iruñeko Arrotxapea auzoan. Zortzi dira atxilotuak, eta, zabaldu dutenez, ez dituzte gaur aske utziko. Atxilotze aginduaren arabera, «talde kriminal bat» osatzea leporatzen diete, eta istiluak eragitea.<i> </i>Poliziek miaketak egin dituzte atxilotuen etxe batzuetan, eta material informatikoa, suziri batzuk eta pegatinak eraman dituztela jakinarazi dute. Iruñeko epaitegi batek eman du agindua, baina ez da jakin zehazki zer istilu antolatzea egozten dieten.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, Espainiako Polizia 06:30ak aldera joan da atxilotuen etxeetara, haiek atxilotu eta miaketak egitera. Atxilotuen gurasoek azaldu dutenez, etxeak «hankaz gora jarri dituzte», eta ez diete komunikatzen utzi, ezta miaketa gainbegiratzen ere.

Atxilotuak Iruñeko Udaltzaingoaren komisarian daude, Espainiako Poliziaren egoitza obretan baitago. Senideak eta gertukoak han dira, baina Espainiako Poliziak modu txarrean agindu die bertatik urruntzeko, adierazi dutenez.

Arratsalderako mobilizazio deialdi bat egin dute Arrotxapean, Erasoen aurrean, klase elkartasuna lelopean. 20:00etan auzoko Plaza Gorrian elkartzera deitu dute. 

Diario de Noticias egunkariaren arabera, atxilotuei «joan den urteko istilu batzuetan» parte hartzea egozten diete, baina ez dute zehaztu zein diren. Atxilotuen gertukoek ez dute informaziorik atxiloketen arrazoien inguruan, baina argitu dute abokatuekin hitz egiteko aukera izan dutela. «Ez dakigu ezer, nire semea etxeko atarian atxilotu dute entrenatzera zihoanean», azaldu du gurasoetako batek.

Otsaileko protestak

Hasieran uste zenez, atxiloketek lotura izan zezaketen joan den otsailaren 20an Iruñean Pablo Haselen kartzelatzea salatzeko egin zuten protestarekin. Dena den, nahasmen handia dago leporatutakoen inguruan, eta litekeena da atxilotu guztiei delitu berberak ez egoztea.

Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deitu zuen protesta hura, eta manifestazioaren amaieran hasi ziren istiluak. Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu zituen istiluak eragitea egotzita, baina egunean bertan aske utzi zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.