ATXILOKETAK

Zortzi dira Guardia Zibilak atxilotutako EPPKren bitartekariak

Presoen kolektiboko abokatuen egoitzetan sartu da Guardia Zibila, eta zortzi lagun atxilotu ditu, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak baieztatu duenez. Presoen kolektiboak izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak dira. Hainbat etxe ari da miatzen Guardia Zibila. Atxilotuak dira Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Ertzaintza Bilbon operazioaren kontra bildu direnei oldartu zaie, eta lagun bat atxilotu dute.

Guardia Zibila, abokatuen Bilboko egoitzan. LUIS TEJIDO, EFE
2014ko urtarrilaren 8a
21:00
Entzun

Guardia Zibilak operazioa egin du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra, gaur arratsalde hasieran, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta zortzi lagun atxilotu ditu, tartean bi abokatu. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak baieztatu du zortzi direla: Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz dira.

Lehen zazpiak 2012an EPPK-k izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak dira, beste batzuen artean. Presoen auziari buruz hitz egiteko hautatu zituzten. Fernandez Diazek esan du "ETAk presoak kontrolatzeko erabiltzen duen garroaren kontra" burutu dela operazioa. Zabalik dago operazioa. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du, eta Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "hilabeteak" zeramatzan Guardia Zibilak abokatuen arrastoan. 

Lopez de La Calle izan da Bilboko egoitzatik atxilotuta eraman duten lehena, eta gero eraman dituzte Almandoz eta Enparantza. Hainbat etxe miatzen ari da, gainera, Guardia Zibila. Donostiako Antigua auzoan Enparantzarena, Bilboko Otxarkoaga auzoan Sagarminagarena, Lasarten (Gipuzkoa) Camposena eta Lekeition (BIzkaia) Zuluetarera. Donostiako Antigua auzoan Guardia Zibilaren sei furgoneta inguru daude, Enparantza abokatuaren etxea zelatatzen, eta bilkura bat ari dira egiten atxiloketen kontra.

Liskarrak, Bilbon

Bilbon ere hainbat lagun bildu dira abokatuen egoitzaren aurrean protesta eginez, eta Ertzaintza euren aurka oldartu da. Lekukoen arabera, lagun bat atxilotu dute; zaurituta eraman duten iturri horien arabera. Ertzaintza Guardia Zibila babesten izan da gaurko operazioan, Herrira-ren aurkakoan egin zuen modu berean. Sortuk agerraldia egingo du 18:00etan operazioaren balorazioa egiteko.

Espainiako Barne Ministerioak aurreratu duenez, bilera bat egiten ari ziren abokatuak Bilbon, eta bertan atzeman dituzte. 15:30ean iritsi da Guardia Zibila Bilboko egoitzaren aurrera. Guardia Zibilaren zortzi patrol bidali ditu Auzitegi Nazionalak, eta sarrera zigilatu dute. 15:55 aldera heldu dira poliziak Hernaniko egoitzara (Gipuzkoa), eta atea botata sartu dira barrura. Oihana Elduaien BERRIAko kazetariak Twitterren kontatu duenez, Ainhoa Baglieto eta Haizea Ziluaga abokatuak Hernaniko egoitza barruan daude, baina ez atxilotuta, lekuko gisara baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.