Euskal Herria

Zortzi egun daramatza gazte galdakoztar batek herriko gaztetxearen alde gose greban

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko martxoaren 29a
17:53
Entzun

 

Galdakaoko (BIzkaia) gazte batek zortzi egun daramatza gose greban, herriko gaztetxearen alde. Martxoaren 16an okupatu zuten azken urteetan hutsik egon den udalaren eraikin bat Galdakaoko Gazte Asanbladako kide batzuek. Asteburuan eman zuten ezagutzera, eta larunbatetik igandera bitarteko goizaldean bota zituzten eraikinetik.

Orduz geroztik, alkatearekin hitz egiten saiatu dira. "Ez du gurekin egon nahi, udaletxera atzeko atetik sartu eta irteten da”, dio Gorkak —abizenik ez du eman nahi—, gose greban dagoen gazteak. Bihar udalak egingo duen ohiko osoko bilkurara joateko asmoa dute. “Seguruenik entzun eta ezer esan gabe jaiki eta joan egingo da, beti egiten duen bezala”, aurreikusi du gazteak.

Udal gobernuaren eta bereziki alkatearen ikuspuntua entzuteko gogoz daudela dio. Horren arabera erabakiko dute zer egin.  Udalarekin akordio bat egiteko prest daude, eraikin horren erabileraren inguruan, ordutegiei dagokienez, mantentze lanei buruz… Hala ere, udalaren partetik horretarako borondaterik ez dagoela nabarituz gero, beste bide batetik joko dutela dio Gorkak.

Edonola ere, gaztetxearen auziaz haratako, ekintza honekin beste helburu zabalago bat ere badutela ohartarazi du: “Galdakao herri kontserbadorea dela esaten da. Guk gazteria piztu nahi dugu, gazteria kritiko bat sortu”. Helburu horren bila honako hau urrats garrantzitsua dela iruditzen zaie.

Gose greban daramatzan zortzi egunotan sei kilo galdu ditu. “Lehen ere ez nuen askorik”, adierazi du barrez. Egunero ikusten du medikuak, eta ondo dagoela esaten dio. Burua gogor duela dio berak, nahiz eta fisikikoki makal sentitzen dela aitortu. “Egunero etortzen zaizkit asanbladako lagunak, eta horrek merezi duen zerbaiten alde borrokan nabilela sentiarazten dit”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.