Batez beste, egunean 27.258 ibilgailu igaro ziren iaz Gipuzkoako zortzi errepide nagusitatik. Aipatutako errepideak dira: A-8,N-1, Donostiako saihesbidea,A-15, AP-1, N-121-A, N-634 etaN-638. 254 kilometroko sarea osatzen dute. Sare horretan pilatzen da Gipuzkoako zirkulazioaren %70. Nahiz eta 2006. urtearekin alderatuta, eguneko 1.000 ibilgailu gutxiago igaro -94.000 ibilgailu igaro ziren handik eguneko- Donostiako saihesbidea da Gipuzkoan zirkulazio gehien duen errepidea. Errepide horretako Intxaurrondoko zatia da zirkulazio handiena duen lekua: egunean 117.000 ibilgailu. «2006.urteko datuekin alderatuz, jaitsiera txiki bat izan da datuetan, baina ez da esanguratsua», adierazi zuen atzo Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak.
Diputazioak urtero egiten du Gipuzkoako errepideetako zirkulazio neurketa, eta atzo aurkeztu zituen iazko neurketaren emaitzak. 2006. urtean gertatu bezala, Donostiako saihesbidearen ondoren, N-1 errepidea eta A-8 autobidea dira lurraldean ibilgailuen joan-etorri handiena duten beste bi errepideak. Horiekin batera, beste hiru gune ere nabarmendu zituen Goiak: N-638, Hondarribiko aireporturako norabidean,N-121-A Irun parean eta N-634 Eibar parean. 28.000, 17.000 eta 16.000 ibilgailu igarotzen dira egunean, hurrenez hurren, lekuhorietatik. Hala, zirkulazio hadiena duten guneen artean daude.
Ibilgailu astunei dagokienez, Donostiako saihesbidetik 16.800 kamioi igarotzen dira egunean, 2006an baino 1.800 gutxiago. Etxegaratetik, bestalde, 9.400 kamioi pasatzen dira egunero, eta Arlabango gainetik, 2.000.
Urtetik urtera zirkulazioa gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, Diputazioak hainbat neurri hartu ditu. «Zirkulazio handiko tarteetan beharrezkoak diren azpiegiturak egiten ari gara, eta haietako batzuk abian dauzkagu dagoeneko. Hartara errepide horiek ibilgailu gehiago har ditzaten edo zirkulazioaren puska bat errepide berrietara bidera dadin», adierazi zuen Goiak.
Horren adibide da 2010.urterako martxan izatea espero duten Donostiako bigarren ingurabidea. Aldundiak espero du egunero Donostiako saihesbidetik igarotzen diren 40.000 ibilgailu errepide berri horrek hartuko dituela. «Ezarriko diren tarifen arabera egongo da hori, baina kopuru horretatik gertu egotea espero dugu».
Eraikitzen ari diren beste errepideetako bat Andoain eta Donostia arteko autobia da. N-1 errepidetik igarotzen diren 30.000 ibilgailu hartuko ditu errepide horrek.
Konponbidea auto pilaketei
N-1 errepideko zirkulazioa arinduko du, halaber, Gaintxurizketa-Ventas errepidea bikoizteak. Goiak azaldu duenez, bikoizte hori berehala irekiko dute.
A-8 autobidean ere lanean ari da Aldundia. Etorkizunari begira, gainera, berritasun ugari aurreikusten ditu Pasaia-Donostia arteko zatian; besteak beste, Donostiako bigarren ingurabidearen eta Pasaiako saihesbidearen eraikuntza. Donostia eta Zarautz artean eraikitzen ari diren hirugarren bidea, berriz, hurrengo urte hasierarako zabalik izatea espero dute.
Amute-aireportua eta Behobia-Zaisa zatien bikoizteek, berriz,N-638 eta N-121-A errepideetako zirkulazioa arintzea ekarriko dute.
Bestalde, Eibar, Zarautz, Zumaia eta Orioko saihesbideek eta Itziar nahiz Olasoko biribilguneen eraikuntzak N-634 errepidean dagoen zirkulazioa arinduko dutela espero du Gipuzkoako azpiegituretako buruak.
Aipatutako errepideetan izaten diren auto pilaketen inguruan kexu agertu izan dira maiz gidariak. Goiaren ustez, azpiegitura berrien eraikuntza da arazoari aurre egiteko modua. «Dena den, arazoak beti izango dira. Kontuan izan behar da, adibidez, errepide batean 5 minutuko etena izateak 2 kilometro inguruko ilarak sortzen dituela».
Bestelako hainbat neurrik ere lagun dezakete, Goiaren aburuz, auto ilarak gutxitzen. Horren adibide jarri ditu abiadura handiko trenaren eta Pasaiako portuaren zabaltzeak. «Neurri horiek hartzea, ordea, ez dago gure eskumenen artean. Gure zeregina errepideak eraikitzea, ustiatzea eta mantentzea da», nabarmendu du Goiak.
Zortzi errepidek hartzen dute Gipuzkoako zirkulazioaren %70
Donostiako saihesbidea, A-8 eta N-1 dira autoen joan-etorri handiena duten errepideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu