Zortzi kasu atzeman dituzte Tolosako Iurramendi zahar etxean

Gipuzkoan, hamasei kasu baieztatu dituzte adinekoentzako eta menpekotasunen bat duten herritarrentzako egoitzetan. Segurtasun neurriak areagotzeko eskatu du ELAk.

Iurramendi zahar egoitza. JON URBE / FOKU
2020ko martxoaren 21a
16:14
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, lau kasu berri atzeman dituzte Tolosako Iurramendi zahar etxean. Denera, zortzi dira COVID-19 gaixotasuna dutenak han. Aldundiko bozeramaile Eider Mendozaren esanetan, horietako hiru ospitaleratu dituzte, haien «osasun egoera delikatuagatik». Iurramendikoak ez dira izan Gipuzkoako egoitzetan topatutako kasu bakarrak. Aldundiak azaldu du hamasei lagunek dutela gaitza: Iurramendin, zortzik; Egogainen (Eibar), batek; Uliazpin (Hondarribia), seik; eta Berrizen (Donostia), batek. Azken biak desgaitasunen bat dutenentzako zentroak dira.

Mendozak eskerrak eman dizkie zahar etxeetan lan egiten duten profesionalei «egiten ari diren lan guztiagatik», baita egoiliarren familiei ere, «egoera zail honetan izaniko ulermenagatik». ELA sindikatuak, ordea, neurriak eskatu dizkio aldundiari. Zahar etxeetan eta mendekotasunen bat duten herritarrentzako egoitzetan COVID-19aren aurkako protokoloa «urgentziaz» berritzeko eskatu dio. Besteak beste, langileei koronabirusa atzemateko probak egiteko eskatu du. Horrez gain, beharrezkotzat jo dute desinfekziorako ezohiko neurriak hartzea eta langileei babeserako ekipamendua ematea. Halakorik ezean «langileen, egoiliarren eta gizartearen osasuna» arriskuan jartzen ariko direla gehitu du sindikatuak.

CCOO sindikatuak ere bide beretik jo du. Arriskuak prebenitzeko segurtasun neurriak eskatu ditu zahar etxeetarako eta etxeetan eskaintzen den zerbitzuetarako: «Ezinbestekoak dira langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.